San Roke eguna da asteartean, eta hori ospatzeko, urteroko festa antolatu dute Aranoko eta Santiomendiko ermitetan. Bi kasutan, 11:00etako mezak garrantzia berezia izango du, baina horrez gain, beste hainbat ekintza ere ez dira faltako.
Bi kasutan, 11:00etan izango da meza nagusia: Aranon, San Roke ermitan; Astigarragan, Santiomendikoan.
Txistulariak protagonista, Aranon
Dudarik gabe, txistulariak dira Aranoko San Roke eguneko protagonista nagusiak. Goizeko 10:15etan elkartuko dira herriko plazan; Aranon elkartuko dira, besteak beste, Hernani, Bartzelona, Iruña, Lekeitio, Elorrio, Areso, Getaria eta Aranoko bertako txistulariak. Eta 10:40etan hasiko dira Aranoko kaleak alaitzen. Hori baino lehen, Antonio Ezeiza kanpaijoleak dei berezia egingo die herritarrei, San Martin Parrokiko kanpaien bitartez.
Orduan abiatuko dira herritarrak San Roke ermitarantz, txistularien doinuez lagunduta. Bertan izanen da meza.
Jarraian, herrira jaitsiko dira berriz, eta herriko etxeetan zehar eginen dute hamaiketakoa. Bazkaria, aldiz, Kontsejupen eginen dute, eta han omenduko dituzte Hernaniko txistulari bandako Patxi Apezetxea eta Joseba Sebastian, San Roke eguneko festan parte hartu dituzten urteengatik.
Agur Jaunak kantarekin agurtuko dute eguna, 19:00etan.
Oilasko jatea bazkaltzeko, Santiomendin
Astigarragako Santiomendi festarik festa ibiliko da datorren astean. Etziko Santiomendiko jaien ondoren, ermitan izango da festa asteartean; bertan ospatuko baitute San Roke eguna herritarrek. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte egunean zehar.
Goizeko 11:00etan hasiko da eguna, ohiko mezarekin, eta jarraian, eskainiko dute emanaldia Astigar taldeko dantzariek. Labeldun oilasko jatea egingo dute bazkaltzeko, eta nahi duenak Astigarragako Ikatza tabernan erosi ditzake Santiomendiko ermitan bazkaltzeko txartelak. Eta bukatzeko, Alaiki taldearen berbena izango da 17:30etan.
SAN ROKE EGUNA
ARANOKO SAN ROKE ERMITAN
10:15 Txistularien topaketa Herriko Plazan
10:30 Antonio Ezeizaren eskutik,
kanpaikada San Martin parrokiatik
10:40 Txistularien kalejira San Roke ermitara, eta bertaratutakoei harrera
11:00 Santuaren omenezko meza nagusia Esteban Irurzunen eskutik
12:15 Txistularien kalejira ermitatik herrira
12:30 Herriko gazteen arteko pilota partiduak
13:30 Txistularien kalejira herrian zehar
14:30 Bazkari herrikoia Kontsejupen txistulari eta akordeoilariarekin
19:00 Jaiei agurra Agur Jaunak abestuz
SANTIOMENDIKO ERMITAN
11:00 Meza
12:00 Astigar taldeko dantzariak
14:00 Labeldun oilasko jatea
17:30 Berbena Alaiki taldearekin