Hernaniko pelotariak oso maila ona erakusten ari dira, eta denboraldi honetan, dagoeneko 15 txapela lortu dituzte.
Azkenekoa, Iñigo Urkizuk irabazi du, Oiartzungo festen bueltan antolatzen den San Esteban Torneoa menderatuta.
Hasieratik, aurretik
Iñigo Urkizu hernaniarrak Ugalde oiartzuarrarekin jokatu zuen, eta hasieratik hartu zieten aurrea kontrarioei, 16 eta 4koarekin. Hala ere, partidu gogorra izan zen, peloteo haundikoa.
Gorrotxategi ondo moldatzen zen peloteoan, baina Salaberriak ez zuen asmatzen. Ugalde, berriz, ederki defendatzen zen, erasora ere joaz, eta Urkizuk ondo aprobetxatu zituen aukerak, errematatu eta tantoak bukatzeko. Salaberria eta Gorrotxategi gerturatu egin zitzaizkien, 19 eta 12. Baina ordurako, Urkizuk eta Ugaldek segurtasuna irabazia zuten, eta hasierako aldea aprobetxatuta, aise iritsi ziren 22 eta 12ra.