Tilosetako lurra asfaltatuta, zuhaitzen inguruak txukuntzen

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 12a, 02:00

Hernaniko Udalak Tilosetako lurra asfaltatzeko lanak hasi zituen uztailaren bigarren hamabostaldian, eta hori bukatuta, azken urratsa ematekotan da, egun hauetan: zuhaitzen bueltan jarritako harriak erretxinarekin konpaktatzea.

Eguraldi lehorraren zain
«Zuhaitzen inguruan arnasgunea sortu eta hutsuneak betetzeko harritxoak bota dituzte langileek», azaldu du Udalak prentsa ohar bidez. «Udalaren proiektuak jaso­tzen du, Plaza Berrin egin zen moduan, harri horiek erre­txinarekin behar bezala konpaktatzea. Dena dela, harriak lehor egotea ezinbestekoa da erretxinak behar bezala konpaktatzeko, eta, egunotako euria eta hezetasuna direla eta, itxarotea gomendatu dute obraren arduradunek».

Tilosetako lurra berritzeko Hernani Erabaki 2015ean onartutako proposamena  egokitu da, datozen urteotarako obra haundiagoa aurreikusi delako.

Izpizua kaleko parkearen Plan Berezia, datozen urteotan
Tilosetako lurra berritzeko proposamena herritarrek au­keratu zutenetako bat izan zen, Hernani Erabaki 2015 prozesuan. Baina hasierako proposamena egokitu egin du Udalak, Hernani Erabakiren jarraipen batzordearen onespenarekin. Batzorde horretan ordezkaritza daukate udal talde politiko guztiek, herriko eragileek eta herritarrek.
«Datozen urteotan Udalak Izpizua kaleko parkearen Plan Berezia egingo duenez, eta honek Ezkiaga pasealekuan (Tilosetan) eragin zuzena izango duenez, Udalak jatorrizko obra proiektua egoki­tzeko egindako proposamena onartu zuen Hernani Era­bakiren ba­tzordeak». Izan ere, erabaki zen «ez zela ardura­tsua berri­tze lanetan 230.000 euro inbertitzea, urte batzuk barru dena berriz ere eraisteko».

Txukunketa, arriskuak saihesteko
Dena den, Plan Berezia exekutatu arte, «zoladuraren egoera txarra ikusita, (zuloak zeuden eta herritarrentzako arriskua sortzen zuten), jarraipen ba­tzordeak erabaki zuen asfaltoa txukuntzea», argitu du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!