Bihar hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta Kanoikada ofiziala 19:00etan botako da Alderdi Ederren. Donostiako Piratek, ordea, 18:30etan jarri dute hitzordua La Flamenkan, txupinazoa botatzeko.
Bertara gonbidatu dituzte Hassanna Aalia eta Katherina Kirsanova, Sahara eta Ukraniako errefuxiatuak. Aalia Hernanin bizi da, baina Mendebaldeko Sahara Okupatuan jaio zen, duela 28 urte. Gazte-gaztetatik aktibista bakezalea izan da, herri sahararraren giza eta erabakitze eskubideen aldeko lanean aritua. Hain zuzen, 2010eko urrian Gdeim Izik kanpamendu librea eraiki eta sustatzeagatik, bizi osorako kartzela zigorra ezarri zion Marokoko Auzitegi Militarrak 2013ko otsailean.
Piraten txupinazoa botako duzu bihar. Nolatan?
Piratek gonbidapena luzatu zidatenean, oso pozik hartu nuen. Ohorea da errefuxiatu guztien izenean hitz egitea. Euskal Herriko parte sentiarazi gaituzte Piratek, eta festa hauetan ahotsa emango digute errefuxiatuoi. Urtero lantzen dute gai bat, denoi, pertsona garen neurrian, eragiten diguna: abortoa, euskera...
Asilo politikoa eskatua zenuen, baina pasa den urtean ukatu eta kanporaketa agindua eman zuen Espainiako gobernuak, eta atxilotu ere egin zintuzten. Zein egoeratan zaude orain?
Zain jarraitzen dut. Espainiako Ministerioaren zain. 2015ean asilo politikoa ukatu eta estatua uzteko agindu zidan estatu espainiarrak. Baina Auzitegi Nazionalean errekurtsoa jartzeko aukera izan nuen, eta onartu egin zidaten. Beraz, kanporatze agindua bertan behera geratu zen, eta oraindik, asilo politikoaren inguruko erabakiaren zain nago.
«Europako herrietako biztanleak elkartasun haundia erakusten ari dira errefuxiatuekiko»
Traba haundiak izan dituzu?
Estatu espainiarra da errefuxiatuei asilo politikoa emateko traba gehien jartzen dituenetakoa. Errefuxiatu asko iristen dira, herrialde askotatik ihesi, gatazka politiko, erlijioso eta abarretatik eta gerretatik ihesi.
Hain zuzen, Europara sartu nahi dutenekin gertatzen ari den moduan. Nola ikusten duzu egoera?
Ezin dugu ahaztu krisian gaudela, milaka errefuxiaturekin. Mugetan sufritzen ari dira, eta duintasunez bizi besterik ez dute nahi. Turkiarekin Europak sinatutako hitzarmena ekintza antidemokratiko lotsagarria izan da; ordainketa bat, bizitzak eta giza eskubideak kontuan hartu gabe. Armei eta diruari irekita dago Europa, baina pertsonentzako itxita.
Gobernuak alde batera utzita, herritarrak erantzun ona ematen ari direla uste duzu?
Europako herrietako biztanleak elkartasun haundia erakusten ari dira errefuxiatuekiko. Plataforma asko ari dira lanean. Hala ere, gobernuak derrigortu behar dituzte jarrera aldatu eta giza eskubideak errespetatzera. Hitz egiten ari garen bitartean, milaka lagun ariko dira sufritzen. Baina esan beharra daukat jendeak sentsibilitate haundia erakusten duela; nere kasu pertsonalean, bat gehiago sentitu naiz Euskal Herrian. Dena eskaini didate: babesa, maitasuna, etxea... Errefuxiatuek, alde egitean, dena utzi behar dute atzean. Ezer gabe geratzen dira, bakarrik. Ikaragarria da nola laguntzen diguten, aske bizi gaitezen.
«Armei eta diruari irekita dago Europa, baina pertsonentzako itxita»
Politikariengan eragitea falta da, orduan?
Piratek errefuxiatuak, eta hauek laguntzeko lanean ari diren herritarrak eta herri plataformak omenduko dituzte, eta gobernuak, telesail bateko protagonistak... Argi dago nor ari den lanean denon ardura denaren alde.