Datorren astean, abuztuaren 17an, 80 urte beteko dira Federico Garcia Lorca poeta hil zutela, eta hain zuzen, bere omenez, Arratsberan, Garcia Lorca gogoan ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da egun horretan, Chillida Lekun. Sarrerak salgai daude 20 euroan, Kutxabanken tiket salmenta webgunean.
Carmona, Pitti, Maia eta Hermosa
Datorren asteazkeneko ikuskizunak denetik izango du: Lorcaren, Lauaxetaren edota Jon Maia bertsolariaren hitzak; Alba Carmonaren flamenko kantu eta dantzak; Gorka Hermosaren akordeoia eta Pittiren gitarra.
Ikuskizunak ordu eta erdi iraungo du, eta Chillida Lekuko museo kanpoaldean hasiko da, bertso errezitatuekin. Ondoren, ikus-entzuleak barrura sartuko dira, eta kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute.
Ikuskizun hau Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioak eta Karabansarai Produkzioak etxeak elkarrekin ekoitzi dute, 2016ko Zabalagako Topaguneak programazio bereziaren barruan, eta 2017an estreinatuko den ikuskizun baten atarikoa izango da.
2017an, Lorca eta Lauaxeta
Lorcaren omenez antolatutako ikuskizun hau, 2017an estreinatuko den Arrats beran Lorca-Lauaxeta ikuskizunaren atarikoa izango da. Izan ere, aurten betetzen dira 80 urte Lorcaren heriotzatik, eta datorren urtean, Esteban Urkiaga Lauaxeta poeta euskaldunarenetik.