Dena izango dute jokoan gaurtik aurrera, Zazpiko Errugbian domina lortu nahi duten jokalariek, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan; tartean, Igor Genua hernaniarrak. Atzora arte, nesken arteko lehia izan zen, eta Espainiarekin jokatu duten euskaldunek ezin izan dute dominik etxera ekarri.
Mutilen kasuan ere, gauzak ez dira errazak, baina Genuak berak joan aurretik esan zuen bezala, «edozer gerta liteke». Hiru taldetan banatuta daude nor baino nor ariko diren 12 taldeak, eta taldekako fasea hasiko dute gaur.
Hego Afrika, Australia eta Frantzia izango ditu Genuaren taldeak aurreneko aurkari.
Taldekako sailkapena fasea, bihar eguerdira arte
Espainia B taldean dago, eta, beraz, Igor Genuak aurkari izango ditu Hego Afrika, Australia eta Frantzia. Gaur goizeko 11:30etan (hemen, 16:30etan) jokatuko dute aurreneko norgehiagoka, eta 16:00etan (hemen, 21:00etan, bigarrena). Bihar, taldekako azken partidua jokatuko du Espainiak, 11:00etan (hemen, 16:00etan), Frantziaren aurka.
Bihar arratsaldean, final laurdenak
Taldeen arteko sailkapen fasea bukatuta, azken postuetan geratuko direnen arteko lehia hasiko da bihar arratsaldean, eta segidan, 17:00etan hasita (hemen, 22:00etan), final laurdeneko 4 partidu jokatuko dira.
Ostegunean, berriz, bosgarren postutik atzera geratutako taldeek jokatuko dute, eta 14:30etan (hemen, 19:30etan) finalerdiak hasiko dira. Azken orduan jokatuko dira dominak lortzeko finalak.
EGUTEGIA
SAILKAPEN FASEA
- Gaur, 11:30etan (hemen, 16:30etan), Hego Afrika - Espainia.
- Gaur, 16:00etan (hemen, 21:00etan), Australia - Espainia.
- Bihar, 11:00etan (hemen, 16:00etan), Frantzia - Espainia.
FINAL LAURDENAK
- Bihar, 17:00etan, 17:30etan, 18:00etan eta 18:30etan (hemen, 22:00etatik aurrera).
FINAL ERDIAK
- Etzi, 14:30etan eta 15:00etan (hemen, 19:30etan eta 20:00etan).
FINALAK
- Etzi, 18:30etan (hemen, 23:30etan), brontzea lortzeko lehia.
- Etzi, 19:00etan (hemen, 00:00etan), urrea lortzeko lehia.
TALDEAK
- A taldea: Fiyi, Estatu Batuak, Argentina eta Brasil.
- B taldea: Hegoafrika, Espainia, Australia eta Frantzia.
- C taldea: Zelanda Berria, Britainia Handia, Kenya eta Japonia.