Prebiako hirugarren eta azken fasea jokatuko den astean sartu berritan, atzo, aurkeztu zuten Galarretan, Buruz Buruko Kutxabank Txapelketaren 34garren edizioa.
Dagoeneko prebiako bi fase jokatu dira, eta erremontista gazteenetarikoak kanpoan geratu dira: Barricart, Labaka, Erburu, Martirena, Otano, Zaldua eta Ansa II. Prebiako hirugarren eta azken fasea bukatzeko, berriz, gaur ariko dira nor baino nor Ion eta Segurola, eta ostegunean, Matxin III eta Aizpuru III.
Ligaxka hasiera, larunbatean
Prebiako azken bi partidu horietako irabazleak izango dira ligaxka fasera pasako direnak, eta zuzenean fase honetan hasiko dira, A taldean, Urriza eta Endika, eta B taldean, Uterga eta Barrenetxea IV.
Ligaxka larunbatean hasi eta hilaren 25ean bukatuko da. Finalerdiak, berriz, abuztuaren 27an eta irailaren 3an jokatuko dira, eta final haundia, irailaren 10ean. Puntuazio sistema iazko bera izango da: 30 tanto egiten dituenak, 4 puntu; 27-29 tanto artean, 2 puntu; 24-26 tanto artean, puntu bakarra, eta hortik behera eginez gero, zero.
«Gogo eta ilusio haundia» erakutsi zituzten atzo, erremontistek.
«Urteko txapelketa garrantzitsuenetakoa»
Aurtengo Buruz Buruko Kutxabank Txapelketa 34garrena izango da, eta ohi bezala, txapelketa bizia espero da.
Hala azaldu zuten atzoko aurkezpenean Urriza, iazko txapeldunak, eta Uterga, azpitxapeldunak: «urteko txapelketa garrantzitsuenetakoa izaten da, eta gogo eta ilusio haundiarekin jokatzen dugu. Gauza on eta txar guztiak ateratzen dizkigun txapelketa da, eta horrek bizitasuna ematen dio». Era beran, Urrizak agerian utzi zuen laugarren txapela irabazteko gogoa: «ea gainontzeko artista hauek laugarren txapela irabazten uzten didaten, gutxik lortutako marka bailitzake!».
Bestalde, Arrate Agirrezabala, Kutxabankeko ordezkariak azaldu zuen «ohorea» dela txapelketa honen parte izatea, «pelotarien aparteko kalitatea, sortzen den giro ezinhobea eta antolatzaileek egiten duten lana» dela eta. Joxe Mari Barrenetxea, Galarretako ordezkaria ere gogotsu azaldu zen: «Oriamendik antolatzen duen 7garrena da aurtengoa. Ea giroa sortu eta erremontea altxatzen dugun!».
Barrenetxea IV, larunbatean
Ligaxkako aurreneko partidua larunbatean jokatuko da, eta bete-betean lehian hasiko da bertan, Barrenetxea IV hernaniarra; Uterga izango du aurkari, iazko azpitxapelduna, hain zuzen.
EGUTEGIA
PREBIA BUKAERA
- Gaur, Ion-Segurola (A taldea).
- Etzi, abuztuak 11: Matxin III-Aizpuru III (B taldea).
LIGAXKA
- Abuztuaren 13 eta 25a bitartean, astearte, ostegun eta larunbatetan.
- Bi taldetan jokatutako da: A taldean, Urriza, Endika eta gaurko irabazlea; eta B taldean, Uterga, Barrenetxea IV eta osteguneko irabazlea.
FINALERDIAK
- Abuztuak 27: A taldeko aurreneko sailkatua - B taldeko bigarren sailkatua.
- Irailak 3: B taldeko aurreneko sailkatua - A taldeko bigarren sailkatua.
FINALA
- Irailaren 10ean.