Portugal eta Polonian enpresa bana erosi berri ditu Oronak

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 8a, 02:00

Europan duen posizioa in­dartzeko, Hernanin egoitza duen Orona konpainiak jakinarazi du bi enpresa berri erosi dituela: bata, Polonian; bestea, Portugalen. Bi erosketa berri hauek kontuan hartuta, denera bost enpresa bereganatu ditu aurten mugikortasun-soluzioetan espezializatutako konpainiak.

Krakdzwig enpresa, Polonian
Krakdzwig enpresa poloniarra da horietako bat. Krakoviako igogailuen sektorean merkatu-kuota haundia duen enpresa da hau. 1996garren urtean sortutakoa da, eta Oronako arduradunek azaldu dutenez, 2002garren urtetik aurrera harreman estua izan du Oronarekin. Izan ere, ordutik, Krakdzwig Oronaren Polo­niako bazkide eta banatzaile bihurtu zen. Orain, salmentaren ondorioz, Oronak jakinarazi du Poloniako enpresaren 65 langileak bere lantaldean sartuko dituela.

Estrela Elevadores, Portugalen
Oraingo honetan egindako bigarren eragiketa europearra Portugalen izan da, eta Estrela Elevadores enpresa bereganatu du Oronak bertan. 1992­ga­rren urtean sortutako enpresa da, eta Leire eskualdean dago, Oporto eta Lisboa artean.
Hernaniko enpresak onartu du erosketa honi esker, aukera ematen diola Estrela enpresak gaur egun manten­tzen dituen 500 igogailuak bere egituran sartzeko. 

Bi eragiketek Oronak Europan duen posizioa indartzea dute helburu.

«Europako merkatu gakoetan dugun posizioa indartuko dugu»
Egin dituen bi erosketa berri hauekin, Europako merkatuan Oronak duen indarra areagotu egingo duela esan du Xabier Mutuberria enpresako zuzendari nagusiak: «Era­giketa horiei esker, Europako merkatu gakoetan dugun posizioa indartuko dugu, eta onura aterako diogu bai Krakdzwigek bai Estrelak sektorean duten eskarmentuari».
Gainera, ez Portugal ezta Polonia ere ez dira ezezagunak Oronarentzat, erosketa egin baino lehen bertan bazituzten hainbat enpresa: Polo­niako Wroclawen bat, 2014an erositakoa, eta Portugalen, lau (Braga, Oporto, Lisboa eta Algarven).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!