Denboraldi bukaera gogorra izan zuten Hernaniko Ohorezko Mailako errugbilariek, baina hori ahazteko momentua iritsi da. Gaur hasiko dituzte entrenamendu teknikoak, irailaren 18rako, denboraldi berria hasten dutenerako, prest egon daitezen.
Indar testak, azken egunotan
Entrenamendu teknikoak gaur hasiko dituzten arren, uztailaren bukaeratik lanean dihardute errugbilariek. Uztailaren 28tik abuztuaren 1era arte indar testak egiten aritu baitira.
Astean hiru egunez
Hemendik aurrera, lan haundia dute aurretik, beste urte batez, Ohorezko Mailan jokatzen jarraitu nahi badute. Hori dela eta astean hiru egunez entrenatuko dute: astelehen, astearte eta ostegunetan, hain zuzen. Hiru egunetan, entrenamenduak arratsaldeko 19:30etan hasiko dituzte.
Irailaren 18an, aurreneko partidua
Bost astez gogor entrenatu ondoren, irailaren 18an hasiko dute denboraldia hernaniarrek. Aurreko denboraldian ez bezala, kanpoan izango dute aurreneko partidua, Santanderren, Independienteren kontra.
Beste taldeak, datorren astetik aurrera
Lehenengo aste honetan Landare Ohorezko Mailako mutilek hartuko badute ere, datorren astetik aurrera zapalduko dute zelaia beste taldeek. Gutxinaka hasiko dituzte beraien entrenamenduak, irailaren 2an azkeneko taldea iritsi arte.
Bigarren taldeko mutilak izango dira aurrenekoak, abuztuaren 17an; emakumeek, aldiz, abuztuaren 23an egingo dute buelta.
Genuak debuta, bihar
Hemengo arratsaldeko 16:30etan jokatuko du aurreneko partidua.
Joko Olinpikoetan da Igor Genua hernaniarra, eta bihar egingo du debuta Rugby Seveneko selekzioarekin. Hego Afrikako taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak aurreneko norgehiagokan, partidu zaila, beraiek baitira urrea eramateko faboritoak. Bertako 16:30etan hasiko da partidua (Brasilgo goizeko 11:30etan).