Asto gainean jarritakoek, nahikoa izan zuten atzo, Portuan barrena ibiltzearekin. Ez da ez, urrutira iristeko garraiobiderik aproposena. Baina Portutik urrun iritsi daitekeela argi dago, eta gaurkoan, Siriako errefuxiatuenganaino iristeko moduko sagardo dastaketa berezia egingo da.
Era berean, ondo pasatzen segitzeko gogoa eta indarra daukanak, gauera arte dauka, Portuko festetako hainbat ekintzekin gozatzeko.
Iruñeako entzierroei, inbidiarik bat ere ez
Beroak abailduta edo, kosta egin zitzaien atzokoan astoei, abiatzea. Baina behin abiatuta, ikaragarrizko abaila hartu zuten.
Nork irabazi zuen, ez zen argi geratu, ez baitzen inor asto gainetik lurrera erori! Nahikoa egin zuten! Eta astoen aurretik korrika aritu zenik ere ez zen falta izan. Periodiko kiribildua besterik ez zuten behar, Iruñeako entzierroen pare aritzeko!
Bestalde, karrera berezi bat ere izan zen eguerdian, Portuan. Urteroko zinta lasterketa famatua. Auzoko gaztetxoenek argi utzi zuten gero eta trebeagoak direla, zintari heltzen!
Sagardo dastaketa gaur, siriarrak laguntzeko
Gaur, berriz, festetako azken eguna izanda ere, gaueko ordu txikietara arte luzatuko da festa.
Diana, pelota partiduak eta mezaz gain, beste ekitaldi berezi bat izango da: sagardo dastaketa solidarioa. Urtero bezala, makina bat sagardo probatu eta mokadu goxoak dastatzeko aukera izango da. Eta aurtengoan, bildutako dirua Siriako errefuxiatuei laguntzeko bilduko da; hain zuzen, Zaporeak proiektura bideratuko da, errefuxiatuei jatena emateko antolatu den proiektura.
Ondoren, bazkaria izango da, eta arratsaldean, dantza ikuskizun paregabea, eta motozerrarekin egindako eskulanen erakusketa. Azken ginda, nola ez, Laiotzek jarriko du.
GAURKO EGITARAUA
08:00 Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30 Diana, txistulariekin.
11:00 Pelota partidu interesgarriak.
12:00 Meza, auzoko hildakoen alde.
12:30 Sagardo dastaketa solidarioa (Zaporeak proiektua). Bildutako dirua Grezian dauden errefuxiatuei jatena ematera zuzenduko da. Itxaso, Maialen eta Uxue trikitilariek alaituko dute giroa. Parte hartuko duten sagardotegiak izango dira: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea eta Rufino.
13:00 XLII. Toka eta Bote Txapelketa.
14:30 Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik.
18:00 Ainara dantza eskola eta Shala dantza taldearen eskutik, batuka, funky, ballet, eta sabel dantza erakustaldia.
19:00 Euskal Jaialdia: motozerrekin egindako eskulanen erakustaldia.
Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.
00:00 Jaien amaiera, Laiotz taldearekin, zezen suzkoa eta azken traka.
* Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkio ‘Hugo eta Eusebio’ tiro eta barraken arduradun den familiari.