Abuztuaren 15a data garrantzitsua da Orreaga taldeko kideentzat, eta hori gogorarazteko, Askatasun Eguna antolatu dutela iragarri dute.
Bihar zortzi izango da ekitaldia, Pasai Donibanen, eta bertan izango dira, besteak beste, Asier Ipiñazar eta Mikel Erauskin, Hernanin duela gutxi ikastaro politikoa eskaini zuten kideak.
Eguerdiko 12:00ak aldera, Pasai Donibaneko santutxoan emango zaio hasiera egunari; bertan, erreferentzia historiko-politiko labur bat irakurri eta lore eskaintza egingo dute Orreagako kideek. Eta ondoren, Pasai Donibaneko plazan jarraituko dute ekitaldi politikoa, Nafarroa gara, herri bat, lurralde bat, gobernu bat lelopean.
Orreagako guda, gogoan
Askatasun Egunaren helburu nagusia 778garren urteko abuztuaren 15ean Orreagan izandako guda gogoraraztea izango da, izan ere, beraien ustez bertatik irakaspen garrantzitsuak atera daitezke: «Helduko da egun haundia, berriro subjektu politiko bihurtuko gaituena. Inoiz ahaztu behar ez duguna zera da: gure arbasoak Orreagan abuztuaren 15 batean subjektu politikoak izan zirela, eta haien garaipenari esker gaudela gu hemen. Gu Nafarroa gara. Orreaga da, beraz, gure abiapuntua, sorrera eta lehendabiziko ikasgaia. Han idatzi genituen gure konstituzioaren aurreneko hitzak. Erabil ditzagun, bada, gure indar guztiak Nafar Estatua berreskuratzeko lanetan».
Bi engainuren salaketa
Horrez gain, ekitaldian zehar okupazio egoeran bizi garela azalduko dute eta bi engainu salatuko dituzte. Herri zatituarena da bat: «Zati eta erritmo ezberdinek marrazten dute gaurko errealitatea, baina errealitate hori indarrez ezarri digute».
Eta horren ondorioa, bigarrena: «Guk gobernu bakarra genuen, eta, zapaldu eta zatitu gintuztenean, hura suntsitu eta haren ordez beraien instituzioak inposatu zizkiguten. Gure gobernuak direla sinetsarazi nahi digute, baina horiek ez dira herritik sortutako gobernuak; estatu zapaltzailearen parte dira».
Horren aurrean diote: «Engainuak alde batera utzita jokatu behar dugu. Nafarroa gara, herri bat, lurralde bat eta gobernu bat. Eratu dezagun falta zaigun azken osagai hori. Herri bat eta lurralde bat garela izan behar da falta zaigun gobernua osatzeko ahaleginaren abiapuntua; inola ere ez herri eta lurralde zatitu bat».