Hasi dira Joko Olinpikoak; Rio hiri olinpikoa da atzotik, baina Hernani ere bai. Igor Genua errugbilariak ordezkatzen du atzotik herria, eta hori ospatzeko, ekitaldi xume bezain hunkigarria antolatu zuen Errugbi Elkarteak Landaren. Bertan izan ziren Elkarteko ordezkariez gain, Genuaren familia, hainbat herritar eta Udaleko ordezkariak.
Elkartearen izenean, Juan Rodriguez lehendakariak Genua zoriondu eta taldearen harrotasuna adierazi nahi izan zuen. Ondoren, Izaskun Sistiaga Genuaren amak, Errugbi Elkartearen lana goraipatu ondoren, hitz batzuk esan zizkion semeari: «urrea ez baduzu ekartzen, zilarrarekin konformatuko gara». Azkenik, Esti Aldeiturriagak Udalaren babesa adierazi nahi izan zuen.
Ekitaldia bukatzeko, Adarraga-Elizaran, herriko beste familia olinpikoak, eta Genua-Sistiagak Bandera Olinpikoa igo eta sua piztu zuten, bi familiek bat eginda.