Amabirjin Jaiak hasiko dira datorren asteburuan, eta jai giroan murgiltzen hasteko, Umeen eguna izanen da bihar, Goizuetan.
Goizeko 08:00etan emanen diote hasiera egunari Umore Ona abesbatzaren aurorek, eta hortik aurrera, herriko txikienak izanen dira eguneko protagonista nagusiak. Helduen pausuak jarraituz, 09:00etan irtengo da Irumaita Txaranga, eta herrian zehar emanen du bueltaxka.
Ondoren, 11:00etan hasiko da meza, eta bertan izanen dira herriko haurrak bertako jantziekin atonduta. Eguerdian, herriko pilota eskolako haurrek hainbat partidu jokatuko dituzte, eta jarraian, bazkaltzera joanen dira eskolara.
Arratsaldean, zezenak eta poniak askatuko dituzte Plazan, berendua hartu aurretik. Eta bukatzeko, trialsin ikuskizuna eta disko festa izanen dira plazan.
Gazte Eguna, larunbatean
Datorren larunbatean izanen da festetako Gazte Eguna, eta aurtengoan, denen artean prestatuko dute bazkaria. Horretarako, taldeka paella bat egin beharko dute. Horregatik, taldeka apuntatu beharko dira gazteak. Zerrenda dagoeneko Amaia Kafetegian dago.
Bestalde, bi egun jarri dituzte kamisetak jasotzeko: abuztuaren 12an, 19:00etan, eta 13an, 11:00etan. Bi kasutan, plazan izanen da zita. yy