Uztaileko oporrak pasata, astelehenean hasi zituzten Ohorezko Erregional Mailako mutilek aurredenboraldiko entrenamenduak. Eta bihar emango diote hasiera Ligarekin ekin baino lehen urtero egiten dituzten lagunarteko partiduei. Zubipen izango da aurrenekoa goizeko 10:00etan hasita, etxeko beste jokalarien aurka.
Beste bost partidu, denboraldia hasi aurretik
Baina hori ez da aurredenboraldiko norgehiagoka bakarra izango. Liga hasi baino lehen, beste bost lagunbarteko jokatuko dituzte.
Hurrengoa datorren asteburuan izango da, Beasainen aurka (11:30etan, Zubipen); 20an Lagun Onak izango dute aurkari, Azpeitian; Martuteneko mutilak etorriko dira Hernanira 27an, eta Ostadarrekoak 31n; eta bukatzeko, Lesakan egingo dute azkeneko geldialdia berdeek irailaren 3an, Beti Gazteren aurka.
Kanpoko aurpegi berririk ez, taldean
Dagoeneko aurkeztu dute Ohorezko Erregional Mailan jokatuko duen mutil-talde probisionala. Kanpoko aurpegi berririk ez dago taldean, baina CD Hernanik onartu du taldea oraindik ez dagoela guztiz itxia. Horren aurrean, CD Hernaniko zuzendaritzak azaldu du jokalari hernaniarren aldeko apustua egiten jarraitzen duela, eta urtez urte, gero eta jokalari gehiago hernaniarrak izatea lortu nahi dela.
Horrela, bada, aurtengo Ohorezko Erregional Mailan berriak diren guztiak Jubenil edota Erregional mailako 2garren taldetik datoz: Unai Lazkano atezaina; Nika Khubaev, Beñat Leiza, eta Pablo Olmos atzelariak; Mikel Lizarazu, Ruben Piron eta Aitor Sarriegi erdilariak; eta aurrean, Pello Alberdi eta Mikel Olabide.
Zuzendaritzak azaldu du jokalari hernaniarren aldeko apustua egiten jarraitzen duela.
Jokalariez gain, talde teknikoak ere aurreko urteetakoaren antzekoa izaten jarraituko du. Alain Gerekaetxebarria izango da entrenatzailea beste denboraldi batez, eta Agustin Boulandier eta Unai Legarretak jarraituko dute laguntzaile lanetan. Atezainek Jon Garciarekin entrenatuko dute, eta Joxe Mari Mendizabal, Kolonbo izango da taldearen delegatua.
Liga, irailaren 11tik aurrera
Astean lau egunez jo eta ke lanean ibili ondoren, irailaren 11n hasiko du Liga Ohorezko Erregional Mailako taldeak. Hasiera horretan, Vasconia izango du aurkari, Zubipen.
Lanera beste bi talde, datorren astean
Oporren ondoren, aurredenboraldiko entrenamenduak hasten ari dira CD Hernaniko futbol taldeentzat.
Gutxinaka Hernaniko futbol talde guztiak normaltasunera bueltatzen ari dira uztaileko atsedenaren ondoren. Datorren astean beste bi taldek egingo dute salto Zubipera, oraingoz, entrenatzeko arropa soinean dutela.
Erregional Preferenteko mutilak hasiko dira lehenengo, datorren astelehenean. Eta astea bukatzeko, Euskal Ligako neskek egingo dute buelta, ostiralean bertan. Azkeneko bi asteetan beste talde guztien txanda izango da.