Buruntzaldeako Txapelketaren finalarekin Hernaniko pelotari gehienek bukatu dute denboraldia, horregatik, CD Hernaniko esku pelota sailak ikasturteko balorazioa egin nahi izan du.
40 pelotari, txapelketa ofizialetan
Denera Hernaniko 40 pelotari federatuk parte hartu dute Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako federazioek antolatu dituzten txapelketa ofizial guztietan, baita gonbidatuta izan diren txapelketa pribatuetan ere: «Abuztuko emaitzik gabe, denera 7 final ofizial jokatu dira eta 23 pribatu, eta horietatik, 4 txapela ofizial irabazi dira, eta 10 pribatu».
Emaitza nabarmenak
Txapeldunen artean klubak pelotari batzuk nabarmendu nahi izan ditu: «emaitza ofizial nabarmenak Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte seniorrek lortu dituzte; beraiek irabazi zuten lehenengo mailako Euskal Herriko Txapelketa».
Bestalde, «nabarmentzekoa dira baita ere Ander Lazkano eta Endika Arizmendi jubenilak, trinketeko Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi baitzituzten».
Txapelketa pribatuei dagokienez, Ioritz Arrietak izan ditu emaitza hoberenak, eta Oiartzun, Amurrio eta Altsasuko txapeldun izan da. Horrez gain, Paul Ojuelek Altza eta Errenteriakoak irabazi zituen; Eneko Aizpitartek Ortuella eta Errenterikoak; eta Oier Apezetxeak Irungoa.
Abuztua, deskantsatzeko
Bukatzeko, taldeak jakinarazi du abuztuan oporrak hartuko dituztela, eta iraileko aurreneko astelehenean hasiko dituztela entrenamenduak datorren denboraldiari aurre egiteko.