Ermitagaña Txirrindulari Taldeak antolatuta, gaur emango zaio hasiera Iruñeako Itzuliaren hogeita hamargarren edizioari. Eta bertan izango dira Hernaniko Ander Amonarriz txirrindularia, eta Urko Semperena astigartarra.
Denera, 352,20 kilometro
Amonarriz eta Semperena txirrindulari juniorrentzat zita garrantzitsuenetakoa da Iruñeako Itzulia.
Denera 352,20 kilometro egin beharko ditu bakoitzak, 4 egunetan egingo diren etapatan: lehenengoa gaur, Lecler-Mutilava (88,40 kilometro); bihar, bigarrena, Etxarri Aranaz-Etxarri Aranaz (89,25 kilometro); etzikoa, Sarriguren-Txoribar (86,90 kilometro); eta larunbatean, azkena, Iruñea zeharkatzen duena (87,65 kilometro).
Etapa erregina, hirugarren egunean
Ostiralean izango da etapa erregina, Sarriguren-Txoribar ibilbidea osatu beharko dute. Bukaera aldera, Txoribar Gainan dagoen helmugara iristeko, %29ko aldapak igo beharko dituzte.
Hamargarren Telmo Semperena, aurtengo denboraldia bukatzeko
Joan den asteburuan, Pistako Euskadiko Txapelketa jokatu zuen Telmo Semperena kadeteak Berrizeko belodromoan.
Pistako euskadiko Txapelketak jokatzekoak ziren joan den asteburuan Bizkaiako Berrizeko belodromoan, baina parte-hartzaile kopurua txikia zenez, Sub 23 eta Junior mailako probak bertan behera geratu ziren.
Kadete mailako proba izan zen jokatu zen bakarra, eta bertan izan zen Telmo Semperena astigartarra, Construcciones Victor Alvaro Silam taldearekin.
Bost probako txapelketa
Match Omnium modalitateko txapelketa jokatu zuten, beraz, Semperenak, baita beste parte-hartzaileek ere, bost proba egin behar izan zituen: Scrasch, Abiadura 200 metro, 500 metro, pertsekuzioa eta puntuaketa.
Semperena fin ibili bazen ere, hamargarren postuarekin konformatu behar izan zen, denboraldia bukatzeko.
Aurreneko postuei dagokienez, ez zen ezustekorik izan, eta Gaursa taldeko Markel Rodriguez bizkaitarra izan zen garailea. Inoxcra taldeko Jon Arakama gipuzkoarra izan zen bigarren, eta hirugarren, Aitor Larrañaga, Construcciones Víctor Alvaro Silam taldeko Semperenaren kidea.