Herenegun bukatu ziren ostegun musikatuak, Ereñotzuko Irrintzi tabernan, Bitartean taldearen kontzertuarekin. Jende asko bildu zen bertan, eta giro ederrean bizi zuten iluntzea denek. Bukaeran, gainera, fandangoa eta arin-arina jo zituen Enara Arruti ereñotzuar gazteak albokarekin, talde hernaniarrarekin batera.
Osteguneko kontzertuaren balorazio ezin hobea egin du tabernak: «zer esan? San Antonioak ote ziren galdetu dute... Horrekin dena esana dago! Eskerrik asko eta eskerrik asko!».
Eta azkeneko saioarena bezala, aurtengo ostegun musikatuen balorazioa ere oso ona izan da, tabernarentzat: «mila esker Bitartean taldeari, eta aurretik egon diren Ibon Casas, Errebal eta Xabi San Sebastiani, Irrintziri egindako opariarengatik. Baina batez ere, tabernara inguratu zareten guztioi. Mila esker bihotz bihotzez, eta hurrengora arte!», eskertu diete guztiei.