«Karrera guztiak irabaztera joaten gara gu!»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abu. 11a, 02:00

Ander Amonarriz herna­nia­rrak 4garren denboraldia du au­rtengoa, Andoaingo Txirrin­dularitza Eskolan. Hemezortzi urte egitera dijoan honetan, eta Osiñagan bizi denez, «urruti», bizikleta izango du garraiobide! Ederki moldatzen de­la era­kusten ari da, behinik behin.
Pasa den astean, Iruñerriko Itzulian izan berri da, lau egunez; 352,20 kilometro egin behar izan zituzten parte hartzaileek, 4 egunetan, eta Amonarrizek egunez egun sailkapen orokorrean gora egitea lortu zuen, 17garren postua lortu arte. Egindako lasterketa onak erronka berrietarako indarra emango diolakoan dago: Euskal He­rriko Torneoa eta pre­mun­diala ditu buruan. Azken Ki­lometroak dendan bizikleta punttuan jartzen harrapatu dugu.

Laugarren denboraldia duzu Andoaingo Txirrindularitza Eskolan. Nolatan hasi zinen? Zergatik Andoainen?
Hernanin ez zegoen taldea; infantiletara artekoa dago. Andoainen ezagunak nituen, eta hara joan nintzen. Gustatu egiten zitzaidan eta pro­ba­tzea­gatik hasi nintzen.

Hasi eta berehala, Gipuzkoako Selekziorako ere deitu zizuten, eta emaitza ederrak lortu dituzue: Valladolideko erlojupekoan txapeldun, Espainiako Federazioko Trofeoan bigarren... Espero zenuten?
Hau bigarren urtea dut Se­lek­zioarekin. Karreretan ikusten zaituzte, emaitzei be­giratzen diete, eta selek­zio­na­tzaileak aukeratu egiten zai­tu. Tal­de­an errepikatzen ari garenak bagaude, eta giro ona dau­ka­gu pelotoian. Ondo moldatzen gara, eta, noski, garaipena bilatutakoa izan da!

Bakarka ere maila ederra erakusten ari zara; Gipuzkoako Itzulian, ekainean, hirugarren zindoazen, eta sailkapen orokorrean 11garren bukatu duzu. Helburua bete duzu?
Espero nuen zerbait izan zen. Gustora geratu nintzen. Den­boraldi hasieran ez zitzaiz­kidan gauzak ondo atera; ez ziren emaitzak iristen. Baina ekainetik aurrera hobera egin dut.

«Portua luzea da, bigarren dijoana sprintean ni baino hobea da, eta uste dut atzean uztea lortuko dudala»

Hain zuzen, Euskal Herriko Torneoko 8garren eta azken etapa izango duzu jokoan igandean, Azkoitian, eta lider zoaz! Aukera baduzu?
Helburua banuen. Ondo egi­teko asmoarekin bagin­doazen. Igandean, portua luzea izango da, bigarren dijoana sprintean ni baino hobea da, eta uste dut atzean uztea lortuko dudala. Sprin­tera iristen bagara, au­kerak izango ditut oraindik, baina gutxiago...

Helburu berririk badaukazu?
Helburu haundiena da abuz­tu bukaerako premundiala. Aurrekoak ere karrera in­por­tan­teak izan dira eta karrera guztiak irabaztera joaten gara gu! Baina premun­dia­le­an junior kategoriako Es­pai­niako onenak elkartzen dira, Beasainen.

Arerio ezagunik izango duzu aurrez aurre?
Arerio bat baino gehiago izango dira, nik uste. Fun­da­cion Contador ondo ibiltzen da, adibidez.

Gertuko areriorik badaukazu? Semperena astigartarra, adibidez...
Lasterketetan kontrario da, baina gero, lagunak gara. Hobeto zein moldatzen den... Ez dakit esaten!

Kirol gogorra da txirrindularitza. Profesionaletara iritsi nahi duzu?
Nahi nahi... Orain segi egingo dut, eta hurrengo urtean ere bai. Afizionatuetan urte ba­tzuk egin eta ea nola dijoan gauza. Argi dago gustatuko li­tzai­dakeela profesionaletara iristea!

«Hilabetero, momentuko helburuen arabera, aldatu egiten da; hil honetan 3-4 atseden egun dauzkat. Gainontzean, entrenamenduak edo karrerak»

Lanean gogor segi behar. Nola entrenatzen duzu?
Hilabetero, momentuko hel­bu­ruen arabera, aldatu egi­ten da; hil honetan 3-4 atse­den egun besterik ez dauzkat. Gainontzean, en­trenamen­du­ak eta karrerak! Baina karrera bezperetan hankak askatzeko entrenamenduak egiten ditut, lasaiak, 50 bat kilometro...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!