Urkizu eta Lizeaga, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2016ko uzt. 31a, 02:00

Hernanin geratu ziren txapeletako bi, atzo, Buruntzaldea Torneoaren finaletan. Kirol­de­giko frontoian jokatu ziren hiru finalak, kadete, jubenil eta nagusienak, eta azkeneko horretan, garaipena lortu zuten Iñigo Urkizu eta Markel Lizeaga hernaniarrek. Pareka­tua izan zen lehia, partidu erdira arte (11-10), baina gero, nagusi izan ziren hernaniarrak, eta 22-12 irabazi zieten Maiz eta Esnaolari.

Buruntzaldea eta Zuloaga Torneoekin, 14 irabazi dituzte pelotari hernaniarrek, denboraldi honetan.

Xabier Salaberria eta Gari­koitz Arizmendi kadeteek, al­diz, ezin izan zuten txapelketa borobildu, eta gertu egon arren, txapelik gabe geratu ziren; 18-22 galdu zuten, Sein eta Azpi­ro­zen kontra.
Hirugarren txapela parea, jubenil mailakoa, Ugaldek eta Etxeberriak jantzi zuten, Aristi eta Zenekorta erraz menperatu ondoren (22-5).

Ojuel eta Aizpitarte nagusi, Zuloaga Torneoan
Beste txapelketa bat ere irabazi dute pelotari hernaniarrek, azken egunotan. Errenteriako Zuloaga Torneoa irabazi dute Paul Ojuelek eta Eneko Aizpi­tar­tek. Larrañaga eta Arra­ti­be­len kontra jokatu zuten finala, eta hutsak izan ziren protagonista. Aizpitartek soilik egin zuen partidu ona, eta berak jaso zuen, gainera, txapelketako pelotari onenaren saria.
Bi horiekin, 14 txapelketa irabazi dituzte pelotari hernaniarrek, denboraldi honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!