Azkeneko estropadetan erakutsitako mailatik, pauso bat atzera egin zuen Hernaniko Maialen traineruak, atzo, Zumaiako uretan. Gipuzkoako Ligaren bederatzigarren estropada zegoen jokoan, tartean Euskotren Ligako traineruak ez zeudela, baina banderaren borrokatik oso urruti ibili zen Maialen.
Laugarren izan zen, Hondarribia eta Colindres menperatuta, baina Deustoren atzetik berriro. Aurreneko estropadetan izan zuten aurretik traineru bizkaitarra, baina azken asteotan gainetik ziren hernaniarrak. Atzo, ordea, gailendu egin zitzaien Deusto berriro.
Irabazlea, 42 segundura
Garaipenaren lehian, berriz, espero ziren beste bi traineruak egon ziren, Getaria-Zarautz eta Arraun Lagunak, eta aurrenekoa nagusitu zen, hiru segundu exkaxeko aldearekin. Hernaniarrei, ordea, 42 segundu atera zizkieten. Aipatzekoa da, azken asteotan, segundu bakarreko aldean izan duela Maialenek Getaria-Zarautz; eta ez behin, hirutan baizik.
Orain, lanean jarraitu beharra daukate hernaniarrek. Hurrengo zitak, datorren asteburuan izango dituzte, Gipuzkoako Ligaren barruan: larunbatean Ondarroan, arratsaldeko 17:30etan; eta igandean Pasai San Pedron, 12:00etan.