Giro ederra izan zen atzo ere, Ave Maria parkeko iluntzean. Eta gaur jarri dute hirugarren zita, azkenekoa, Udaparkean egitasmoaren barruan. Zirkua eta musika izango dira, parkeko iluntzea girotuko dutenak.
Aurrena, Txatarra zirku ikuskizuna eskainiko du Malas Compañias taldeak, arratsaldeko 20:00etan hasita. Ia ordubeteko saioa izango da, adin guztietako ikusleentzako modukoa. Emanaldian, uztartuko dituzte akrobaziak, umorea eta kale antzerkia; hitzik egin gabe, ikusleak dibertitu eta txundituko dituena.
Amaia Azkue hernaniarra taula gainean, gauean
Bigarren saioa gauean izango da, 22:00etatik aurrera. Eta bertan, hernaniar bat ere izango da protagonista: Amaia Azkue abeslari gaztea igoko da taula gainera, ordu erdiko saioa eskaintzera. Hernani Musika Eskolako kidea, bakarlari moduan hartu du parte hainbat proiektutan; besteak beste, Zeru horren infernuak eta Maite K ikuskizunetan.
Azkueren ondoren, Lou Topet taldea eta Harkaitz Cano idazlea izango dira Ave Mariako eszenatokian, Abesti bat gutxiago disko-liburua aurkezteko. Estatubatuar musikarien hamar abesti geurera ekarri, itzuli eta bertsionatu dituzte; besteak beste, John Hiatt, Wilco, Pete Seeger eta Billy Braggen abestiak. Lou Topet, Rafa Rueda eta Joserra Senperena aritu dira musikaren arloan, eta Harkaitz Canok euskeratu ditu hitzak.