Udarako etenaren aurretik, azkeneko plenoa egin zuen Udalak asteartean, aurreikusi baino hiru puntu gehiagorekin: erraustegiari buruzko mozioa, etxebizitza bat alokairuan esleitzea, eta Ongintza batzordeko kide aldaketa bat.
Hain justu, mozioa izan zen eztabaida haundiena sortu zuena. EH Bilduk aurkeztu zuen, Mattin Aldaia zinegotziaren eskutik: «beste behin ekarri behar dugu erraustegiaren gaia, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bilera egingo baitu, hura eraikitzeko pleguak onartzeko. Erraustegiarekin, urtero kopuru finko bat ordaindu beharko da, zenbat erretzen den kontutan hartu gabe. Hernaniko Udalak 27.500.000 euro ordaindu beharko ditu guztira, 35 urtetan. Hori astakeria da, eta horregatik proposatzen dugu, GHKtik ateratzeko aukera aztertzea, eta errauste plantaren prozesua atzeratzea eskatzea».
Ongintza batzordean, Maria Jesus Egidok hartuko du Ricardo Cresporen tokia, Legebiltzarrerako hautagaia delako.
Maria Otaegi (EAJ): «Europan dagoeneko gainditua dagoen gerra bat da erraustegiarena»
Horri erantzunez, EAJko Maria Otaegik ikerketa baten emaitzak eraman zituen plenora, osasunerako ez dela kaltegarria argudiatuz: «estrategia onena da hondakinak kudeatzeko, eta hiri aurreratuenetan ezarrita dago. Beste behin, politika egiteko erabili dezakezue, baina Europan dagoeneko gainditua dagoen gerra bat da erraustegiarena».
Jaione Aristregi (Orain Hernani), bere aldetik, kexatu zen badirudiela «bi aukeren arteko dela eztabaida. Eta argi dago badagoela alternatibarik, osasuntsuagoa, ekologikoagoa eta ekonomikoagoa. Baina horrek neurri politiko ausartak eskatzen ditu».
Ricardo Crespok (PSE-EE), berriz, kritikatu zuen erlazionatu izana hondakinen bilketa, eta horiekin gero zer egin. Eta adierazi zuen: «atzerapen haundia daramakigu, lau urtez egon da gaia geldituta. Zertarako nahi duzue berriz atzeratzea? Arazoa da hondakin gehiegi pilatu dela».
Inhar Olanok (EH Bildu) erantzun zion, erraustuta ere, erretakoaren %25a hor geratzen dela: «hori eskoria da, toxikoa da; zer egingo da horrekin?».
Azkenean, mozioa onartu zuten, EH Bilduren eta Orain Hernaniren aldeko botoekin, eta EAJ-PNV eta PSE-EEren kontrakoekin.
Eskualdeko enplegu plana, aho batez onartuta
Puntu horren aurretik, beste hainbat landu zituen plenoak. Horrela, aho batez onartu zuten Eskualdeko Enplegu Plana, jasotzen dituena sei proiektu enplegua sustatzeko, eta beste bi enpresei dirulaguntzak emateko, langabetuak kontratatu ditzaten.
Eta aho batez onartu zuten, baita ere, Orain Hernanik aurkeztutako mozioa, herrian herbizidak ez erabiltzearen aldekoa. Jaione Aristregik azaldu zuen: «Osasunaren Mundu Erakundeak dio, herbizidak kaltegarriak dira osasunerako; eta horregatik, eskatzen dugu herrian ez erabiltzea. Pauso bat eman behar dugu aurrera, eta debekatu ingurugiroari eta herritarrei kalte egiten dieten produktuak».
Aldaiak aurreratu zuen, gaia aztertzen ari direla dagoeneko, produktu bat probatzen eta alternatibak bilatzen.
Erraustegiaren mozioaz gain, beste bi puntu gehitu ziren. Batetik, hutsik geratu den etxe bat alokairuan esleitzeko prozesuan sartzea. Eta Ongintza batzordean aldaketa bat egitea: Ricardo Cresporen tokia, Maria Jesus Egido PSE-EEren zinegotziak hartuko du, Crespo Eusko Legebiltzarrerako hautagaia izango delako, datozen hauteskundeetan. Aho batez onartu ziren biak.