Zine gaua izango da gaurkoa Hernanin, baina ez areto itxi batean, parkean baizik. Udaparkean egitasmoa hasiko da gaur, Ave Maria parkean, eta Paperezko hegazkinak pelikula jarriko dute, 22:00etan hasita.
Parkeko etxearen aurrean jarriko dute pantaila, eta baita aulkiak ere. Belardia nahiago duenak, ordea, tokia sobera izango du!
Dylanen ametsa, paperezko hegazkinen munduko txapelketan parte hartzea
Robert Connollyk zuzendua, 96 minutuko iraupena dauka filmak, eta euskeraz jarriko dute, gaztelaniazko azpitituluekin. Adin guztietako ikusleentzako modukoa da.
Dylan izeneko gaztetxo baten istorioa kontatzen du pelikulak. Ama galdu zuenetik, aitarekin daukan harremana ez da hain ona, aitak ez baitu galera gainditu. Dylanek, bere aldetik, amets bat dauka: paperezko hegazkinen munduko txapelketan parte hartzea. Eta horretarako, orduak eta orduak pasako ditu, hegazkinak egiten eta hegan jartzen. Esfortzu horrekin, helburua betetzea lortuko du, baina baita beste zerbaiterako ere: aitari laguntzeko, hain zuzen ere.
Ave Maria parkean bertan, hiru furgoneta egongo dira janaria saltzen. Familian edo lagunartean gozatzeko gonbitea luzatu du Udalak.