Inguruko beste zenbait herritan bezala, Astigarragan ere herri baratzak jarri zituzten martxan 2015eko irailaren bukaeran. 40 bat baratz jarri zituzten astigartarren esku, eta zozketa baten ondoren, banatu zituzten. Baratza horietako bana lortu zuten, esaterako, Olatz Soto eta Txomin Carrascok.
Biak ados daude «hobbie moduan» hartu dutela esaterakoan. Olatzek dio «betidanik» izan duela gogoa baratzatxo bat jartzeko; Txominek, aldiz, terrazan zeukan txiki bat, eta gainera, «nire familiak beti izan du baratza; horregatik, nik esan izan dut ez dudala inoiz edukiko, eta begira orain...».
Neguko baratza, batez ere
Iraileko azkeneko astean eman zizkieten giltzak baratza lortu zuten 40 lagunei; gazte, langabetu, jubilatu eta helduak daude horien artean. Baina hori baino lehen, «derrigorrezkoa» izan zuten ikastaro bat egitea, 3-4 ordukoa, gutxi gorabehera. «Bertan pauta orokorrak irakatsi zizkiguten, baita neguko baratzari lotutako kontuak ere», azaldu dute Olatz eta Txominek.
Ordutik, neguko baratza landu dute gehienbat, «bisualki ez da hain polita, hain erakargarria, baina aukera asko ematen dituela ikusi dugu». Eta maiatzaren bukaeran hasi berri ziren udaberriko baratzarekin. Beraz, aukera gutxi izan dituztela diote.
Horregatik, beraien ustez «oso goiz» da balorazio sakon bat egiteko, baina zerbait esatekotan, urte erdi hau «oso positiboa» izan dela azaldu dute. Lanez topera ibili direla aitortu behar izan dute: «lurra oso birgina zen eta hori tratatzeari ekin diogu: ongarria bota eta buelta bat eman behar izan diogu». Horretan ari direla diote, baina Txominen ustez, «lan asko da, eta ez da erraza».
«Lurra oso birgina zen eta hori tratatzeari ekin diogu: ongarria bota eta buelta eman behar izan diogu».
Laguntza asko, hasieran
Lan mordoa izan dute hasierako hilabeteotan, baita laguntza ere bai. Izan ere, hasierako bidexkan, hainbat bidelagun izan dituzte herri baratza duten astigartarrek.
Batetik, Udalak zenbait ikastaro eskaini ditu: hasierakoa, pauta orokorrak irakasteko; eta maiatzaren erdialdean, bestea, tomateari buruz. Gainera, udaltzaingoek konponst poltsak eramaten dizkiete, bertako lurretan erabili ditzaten.
Bestetik, hilero-hilero Furgobaratzak bisita egiten die: «hilean behin etortzen dira, 17:00ak edo 18:00ak aldera, eta landareak erosteaz gain, kontsultak egiteko aukera ere eskaintzen dute».
Azkenik, herri baratzen ondoko bi partzeletan daude Astigarragako Baratz Elkarteko hainbat kide, eta horiekin ere harremanetan daude, laguntza behar dutenerako.
Talde lana
Dena dela, talde lana eta beraien arteko laguntasuna oinarri dela diote. Olatzen hitzetan: «Txomin da gure ordezkaria Udalaren aurrean, baina, praktikan, oso asanblearioak gara».
Diotenez, bata besteari laguntzen saiatzen dira: «landareak non erosi, letxugak nola jarri... aholkuak ematen dizkiogu batak besteari». Beraien ustez, «kontua ikastea da, disfrutatzea; baina sufritu gabe».
Denen arteko lanari esker lortu dute, adibidez, Udalak makina bat erostea, lurra mugitzeko makina bat. «Udalari eskaera egin genion, onartu zuen eta berak erosi du; orain, mantenimendua guk ordainduko dugu: bote bat jarri dugu eta erabiltzen dugunon artean ordainduko dugu».
Hala ere, segurtasunagatik, «Udalak gordetzen du makina, hemen uzten badugu, desagertzeko arriskua dagoelako». Orduan, bi astigartarrek azaldu dutenez, «boluntario talde bat sortu da, tartean Baratze elkarteko kideak, eta makina ateratzen dutenean, zerrenda bat jartzen da, jendea apuntatzen da, eta boluntarioek egiten dute lan hori».
Kontratua, lau urterako
Irailaren bukaeran jarri ziren martxan Astigarragako herri baratzak, eta aurreneko jabeek lau urtetan erabili ahal izango dituzte. Dena den, Txomin eta Olatzen ustetan: «iraupena motza da, lau urte pasatzen direnean, behin esperientzia izanda, kendu egiten dizutelako».
Gainera, aurreneko promozioaren kasuan, are goizago dela diote, izan ere, «hasi garenean lurra tratatu gabe zegoen, eta lau urteak pasatzean, lurra landuta egongo da». Beraz, beraien ustez, «zer edo zer egin beharko dugu».
Lau urteak pasata, «Udalarekin negoziatu beharko» dutela uste dute; eta ordura arte, proposamen bat luzatu nahi diete: «ikustea zenbat eskaera dauden, eta horren arabera, behar balitz, agian beste leku bat pentsatzea baratza gehiago egiteko».