Igandean lehiatu zuten azkeneko proba, Gipuzkoako errepideko egutegian, txirrindulari kadeteek. Azpeitian izan zen, eta tartean ziren Telmo Semperena eta Tomas Otermin astigartarrak. Azkeneko igoeran geratu ziren atzean, baina biek lortu zuten proba bukatzea, 29 eta 56garren postuetan.
Horrekin, rankineko zazpigarren bukatu du denboraldia Semperenak; aurreneko urteko bigarrena izan da, soilik Julen Dorronsororen atzetik. Gainera, Beasainen irabazi zuen, eta beste zenbaitetan, tarteko helmugak eta mendia ere irabazi ditu.
Urko Semperena, aurrean
Jubenilek, bere aldetik, Euskal Herria Torneoko bi proba izan dituzte, Zumaian eta Amorebietan. Eta bietan sartu da aurrean Urko Semperena astigartarra: 13garren Zumaian, eta 19garren Amorebietan. Gainera, taldeka irabazi zuen Zumaian, bost taldekide sartuta aurreneko hogeien artean.
Asteburu honetan, Euskadiko Pistako Txapelketak lehiatuko dituzte Semperena anaiek, kadete eta jubeniletan, Bizkaiako Berriz herrian.