Atzo bukatu ziren Santio jaiak Aranon, eta ederki borobildu zituzten festak. Goizean, pelota izan zen protagonista, eta Goizueta eta Aranoren arteko desafioa ez ezik (Goizuetak irabazi zuen, 22-14), Aranoko haurren arteko partidua ere jokatu zen, larunbatean suspenditu zena. Aizkoran ere, garaipenik gabe geratu zen Joseba Izeta aranoarra, Luis Txapartegi lagun, Ander Erasun eta Moises Gogortzaren kontra; 40 bat segundu azkarrago moztu zituzten hamar enborrak, kontrarioek. Baina bertsotan, ez galtzaile eta ez irabazle: Aranoko zein kanpoko, guztiek gozatu zuten saio ederraz, festak borobiltzeko. Gainera, Aranoko haur eta gaztetxoek egindako murala ere erakutsi zuten bertan, eta Aranoren etorkizunari kantari jarri zituzten bertsolariak.