Berezia izan zen zentzu askotan larunbatean Errenterian jokatutako estropada. Hasteko, iluntzeko 21:00etan izan zelako azken lehia, marea tarteko. Hernaniko Maialen traineruak estropada polita egin zuen; bigarren luzean ordea, arazoak izan zituen Colindres traineruarekin. Arraun elkartetik azaldu duten moduan, oztopoak jarri zizkion Colindresek Hernaniko traineruari aurreratzeko, eta bi ontziak elkar jotzeko zorian izan ziren. Hala ere, bikaina izan zen hernaniarren erantzuna, eta aurrea hartzea lortu zuten: helmugara estropada ederra eginda iritsi ziren. Zortzigarren postuan helmugaratu ziren.
Berezia izan zen ibilbidea ere, larunbatean. Estropada hainbat zubiren azpitik igaro zen, eta lekua estua izan arren, arraun elkartekoek azaldu dute, polita izan zela herri barruan ikusleen oihuak hain gertu sentitzea.
Datorren hitzordua Zumaian du Maialenek, uztailaren 30ean. Bandera gertu izan dezake Maialenek, Euskotren Ligarako sailkatu diren taldeak ez baitira Zumaian izango.