Hondakinak biltzeko, edukiontzien sistema aukeratu zuten astigartarrek, apirilean egindako herri galdeketan. Ordutik, hainbat prozesu abiarazi ditu Udalak, atez ateko sistematik edukiontzi sistemarako trantsizioa egin ahal izateko. Horietako bat izan da, hondakinak bilduko dituen enpresa aukeratzea. Plenoak joan den larunbatean hala onartuta, San Marko Mankomunitatea izango da, sistema berriarekin, Astigarragako hondakinak jasoko dituena. Atzo prentsaurrekoa eman zuten Astigarraga eta San Markoko ordezkariek, honen berri emateko asmoz.
Jesus Mari Santos alkateak azaldu zuen, herritarren nahia betetzen ari dela Udala, eta bide horretan, San Marko aukeratu dutela hondakin bilketa egiteko: «erabaki honekin aukerarik merkeena eta, era berean, eraginkorrena lehenetsi da. Azken hilabeteetan Garbitaniak eta San Markok aurkeztu dituzten bilketa proposamen tekniko-ekonomikoak aztertu ditu Udalak. San Markoren alde egiterakoan, udal gobernuak herritarrekiko erantzukizunez jokatu nahi izan du, eskaintzarik merkeena eta eraginkorrena aukeratuta».
San Markoko lehendakaria den Jaime Domingezek ere hartu zuen hitza. Udalaren erabakia begi onez ikusten duela azaldu zuen, eta azpimarratu zuen, aurreneko aldia izango dela hondakin bilketa zerbitzua Udal batentzat osotasunean egiten dela.
Epeei dagokienean, lehendakariak esan zuen irailean zehaztuko dituztela falta diren azken pausuak, eta pixkanaka ezarriko dela: «urtarrilerako sistema erabat ezarrita egongo da».
Azkenik, Nerea Zusberro zinegotziak hartu zuen hitza, eta epeekin jarraituz, azpimarratu zuen lan asko dagoela atzean, eta Udalak hainbat moldaketa egin behar izan dituela. Era berean, gogoratu zuen herritarrek aukeratutako sistema errespetatuko dela, «organikoa eta errefusa txiparekin izango dira, eta pardelak egunero atera ahal izango dira».