Diputazioak ez du Chillida-Lekuren erosketan parte hartuko

Kronika - Erredakzioa 2016ko uzt. 24a, 02:00

Ostiral arratsaldean eman zuen berria Gipuzkoako Foru Aldundiak: ez du Chillida-Lekuren erosketan parte hartuko. Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dute, urte askoan zehar, euskal erakundeak, Eusko Jaurlaritza buru dutela, harremanetan egon direla Chillida fami­liarekin: «helburua izan da Chillida-Leku berriz irekitzeko formula bat adostea eta bertan dagoen obra bere osotasunean mantentzea. Elkarrizketak puntu batera iritsi dira, eta premiazkoa izan da behin betiko erabaki bat hartzea».

«Benetan eskertzen dugu Eusko Jaurlaritzak erakutsitako konpromisoa»
Diputazioak oharrean dio, benetan eskertzen duela Eus­ko Jaurlaritzak gure lurraldea­re­kiko erakutsi duen kon­pro­misoa: «eta baita ere, denbora honetan negoziazioak aurrera eramateko erakutsitako pres­tutasuna ere».

«Puntu kritikoa erakundeek egin behar duten diru ekarpena izan da»
Diputazioak zehaztu du oha­rrean zein izan den pro­ze­sua­r­en puntu kritikoa: «erakun­deek obra erosteko ordaindu beharko luketen diru ekar­penaren inguruan kokatu da. Kostua 100 milioi eurokoa izango litzateke, eta Aldun­diak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana hartu beharko lukete bere gain».

«Lehentasuna dira ekonomia eta enplegua sustatzea eta politika sozialak bultzatzea»
Legealdi honetan Dipu­ta­zioa­ren lehen­tasunak zein­tzuk diren ere ze­hazten da oha­rrean: «2015-2019 legealdian, Gi­puz­koako erronka nagusiei aurre egi­te­ko beharrezko ku­deaketa tres­nak ezarri ditu gure erak­un­deak. Kudeaketa Plan Estra­te­­gi­koak lehentasun nagusi be­­­za­la finkatzen ditu eko­nomia eta enplegua sustatzea eta po­litika sozialak bul­tzatzea». Hori horrela, oharrean dio, Diputazioaren­tzat ezinezkoa dela Chillida-Lekuko obra erosteak exijitzen duen konpromiso ekonomi­koari aurre egitea.

«Ez da erabaki erraza izan»
Markel Olano Ahaldun Na­gusiak ostiralean gai­neratu zuen, ez dela erabaki erra­za izan: «erabaki bat har­tzeko garaia iritsi da. Aldun­diak, Gi­puzkoako gizarteare­kin ados­tu dituen konpromi­soekiko ar­dura, seriotasuna eta kohe­ren­tziagatik, erabaki du Chilli­da-Lekuren erosketan parte ez hartzea. Ez da erabaki erraza izan, inondik inora, baina konbentzituta gaude egokiena dela Lurraldearen interes orokorra defendatze aldera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!