Azken asteetan bezala, joan den asteburuan ere hitzordu bat baino gehiago izan zituzten Astigarragako txirrindulariek. Tomas Otermin eta Telmo Semperena Ordizian izan ziren, XLIII. Txapel Gorri proban. Zorte txarra lagun izan zuen Telmok; lasterketaren hasieran, buruan zela, errueda lehertu zitzaion. Ez erortzea lortu bazuen ere, pelotoia pasa zain egon behar izan zuen errueda aldatu ahal izateko, eta galdutako denbora ezin izan zuen errekuperatu. Tomas Oterminek, bere aldetik, lortu zuen helmugara iristea; kontuan izan behar da, abiatu ziren 83 txirrindularitik 65ek bakarrik lortu zutela bukatzea.
Igandean Aiegin izan zen Urko Semperena astigartarra. Euskal Herriko Txapelketari zegokion lasterketa jokatu zen bertan: Udalak antolatu zuen XX. Saria. Adi hasi zuen lasterketa Urkok, eta bost txirrindularirekin batera, ihes egitea lortu zuen; nahiz eta kilometro gutxira harrapatu zituzten. Momentu horretan izan zen ihesaldi definitiboa. Laguntasunako txirrindulari mexikarren eskutik etorri zen, eta 15 txirrindularik egin zuten ihes. Denek ez zuten lortu helburua, eta pixkanaka atzean geratzen joan ziren batzuk. Urko Semperena ederki aritu zen azken metroetan, eta esprintean daukan abiadura aprobetxatuz, bederatzigarren postuan lortu zuen helmuga pasatzea.
Azpeitia, Zumaia eta Amorebietan, asteburuko zitak
Asteburu honetan ere, badituzte zitak Astigarragako txirrindulariek. Kadetetan, Gipuzkoako Txapelketako azken lasterketa jokatuko da Azpeitian. Juniorrek, Euskal Herriko Txapelketako lasterketak izango dituzte: gaur Zumaian eta astelehenean Amorebietan.