«Beraien ahotsa inportantea dela erakutsi nahi diegu txikienei»

Kronika - Erredakzioa 2016ko uzt. 23a, 02:00

«Akaso beraiek instintoz egin zuten, ilusioa egiten zie­la­ko. Modu batean, pen­tsa­tuz, nola ez dela Zahagi Dan­tzarik izanen aurten? Ba guk egin­en dugu. Baina helduon­tzako, hori baino askoz ere gehiago izan zen; herriko ohitura zahar bat ez galtzeko keinu bat. Lezio bat eman ziguten, ez direla hain umeak eta prest daudela testigua hartzeko», ekartzen ditu gogo­ra aurtengo inauteriak, Ainhoa Ansa alkateak.
Adibide garbi bat izan zen hori; Aranoko haur eta gaz­tetxoek herriarekiko erakutsi duten maitasunaren adibide bat, hain zuzen ere. Eta hori eskertzeko, eta esateko bera­ien ahotsa inportantea dela, herriaren etorkizuna direla, Udaletxeko balkoira igoko dituzte gaur, eta txupinazoa botako dute, 11:00etan.

Herrigintza eskolak, aurreneko urratsa
Haur eta gaztetxoak dira etorkizuna, eta dagoeneko, aurreko urtean jarri ziren etorkizunera begira, Aranon. Herrigintza eskolak izan zi­ren aurreneko urratsa: «hel­bu­rua zen, haurrek herria ezagutzea, eta beraien eta helduen arteko harremana estutzea, elkar erakutsiz eta elkarrengandik ikasiz. Eta ondoren, haurrei eskatzen zitza­ien Aranori zerbait buel­tatzea, ikasitako horrekin; izan herritarrei zerbait eskai­niz, edota kanpoan Arano eza­gutaraziz, eskolan adibi­dez», dio Ansak.
Horrela, inauteriei buruz­koa izan zen aurreneko herri­gintza eskola, eta Aranoko inauterietako materiala, Goi­zu­etako esko­lara eraman zu­ten, bertan erakusteko. Biga­rrenean, Suro bisitatu zuten, eta baita gazta egin ere, gero feriara eraman zutena.
Herriko animalia eta lan­dareak ezagutzeko egin zuten beste eskola bat, Burninera bisita barne, eta Urumea iba­ia eta inguruak ere ezagutu zituz­ten hurrengo batean, Iñaki Sanz-Azkue biolo­goa­ren eskutik.
Hiru tailer ere izan ziren, data seinalatuetan: kamixeta tailerra, Santioen aurretik, jaiak kolorez betetzeko; talo tailerra San Martinen bueltan; eta gabon kanten tailerra urte bukaeran. Olentzeroa ere egin zuten azken horretan.


«Zahagi Dantzarekin, lezio bat eman ziguten haur eta gaztetxoek; ez direla hain umeak eta prest daudela testigua hartzeko», gogoratzen du Ainhoa Ansak.

 

Aurten, jarraipena: Haur Kantari jaialdian parte hartzea, konposta tailerra...
Aurreko urtean hasitako bi­de­ari, jarraipena eman diote aurten, nahiz eta ez izan herrigintza eskolen izenda­pen horrekin. Horrela, Haur Kantari jaialdian hartu du parte Aranoko taldetxo batek aurten, eta konposta tailerra ere egin zuten.
Planifikatu gabe etorri zena, Zahagi Dantzarena izan zen. Antzerkia egiteko, tes­ti­gua hartzeko inor ez zegoela zirudienean, inauterietan Za­ha­gi Dantzarik ez zela izango asumituta zeukatenean, he­rriko gaztetxoek eman zuten sorpresa: «testigua hartu zeza­ketenik ere ez genuen espero, eta esku horren bila etortzeko keinua izan zen. Esanahi hori izan zuen guretzat. Akaso beraientzat jolas moduko bat izan zen, baina oso keinu inportantea guretzat», dio alkateak.

Etorkizuneko Arano amestuz: eskola bat, etxe eta jende gehiago...
Haur eta gaztetxoekin landu duten azkeneko saioa, orain gutxi egin dute: Arano ames­tuz. Udaletxeko ganbaran elkartu zituzten, eta gogora ekarri zizkieten egindako herri­gin­tza eskolak, eta baita inau­terietan egin zutena ere: «poza nabaritzen zitzaien, gustora zeudela egindakoarekin».
Gero, herria nola ikus­ten zuten galdetu zieten, eta ondo­ren, etorki­zunera begira jarri zituzten: nola imagi­na­tzen dute Ara­no, hemendik urte batzue­tara?
Ba mota guztietako eran­tzunak eman zituzten hau­rrek. Eskola bat imaginatzen zuten herrian zenbaitek. Eta biztanle gehiago, eta etxe gehia­go; baina ez gehiegi, bestela ez litzateke Arano iza­nen, daukan lasaitasuna gal­du­ko luke. Herriaren izaera ere badaukate barneratua, beraz. Zoologiko bat, pistina, jos­tai­lu gela bat eta beste hainbat ere imaginatu zituzten, saio ho­rretan. Eta guztiekin, mu­ral bat osatu zuten, gaur ikus­gai jarriko dutena herri­an, ferian bertan.


Etorkizuneko Arano margotu zuten gaztetxoek mural batean, beraiek imaginatzen duten bezala, eta ikusgai jarriko dute gaur, ferian.

 

Protagonismoa beraiei, gaurko egunean
Haur eta gaztetxo arano­a­rrak izanen baitira prota­go­nista gaur, jaietako aurre­neko egu­nean. Txupinazoa botako dute aurrena, eta on­doren, beraiek jokatuko di­tuz­te pilota parti­duak, fron­toian. Ferian mu­rala era­kutsi, eta arratsal­dean ere izanen dute zerekin gozatu: jolasak aurre­na, txokolatada gero, eta azien­dak azkenik

Jaien aurreneko egunean, gaur, beraiena izanen da protagonismoa: txupinazoa, pilota partiduak, jolasak, txokolatada eta aziendak.

«Orain, herriarekiko daukaten maitasun hori alimentatzen jarraitu behar dugu, Aranori etorkizun bat bermatzeko».

«Beraiek Aranon geratzea, herriari etokizun bat bermatzea litzateke»
Belaunaldi baten falta nabari da Aranon,  gazteen falta; 13 eta 27 urte bitartekoetan, ez dago gazte talde bat: «gure osaba eta izebek herritik joan behar izan zuten, lanik edo etxerik ez zutelako, eta haien seme-alabena da falta den belaunaldia. Ho­rre­gatik, oraingo haur eta gaztetxoak Aranon geratzea, herriari etor­­kizun bat bermatzea litza­te­ke», dio Ainhoa Ansak: «haus­nartu beharko dugu, zer eskaini behar dien he­rri­ak, hemen geratzeko. Baina espero dezagun, herrirako joera eta herrian geratzeko erabakia hartzea beraiek».
Herriarekiko lotura hori, momentuz badaukate: «astez Hernanin eta Goizuetan den­bora asko pasa arren, aste­bu­ruan ikusten da lotura estua daukatela beraien ar­tean, eta baita helduekiko ere. Orain, lanean segi behar dugu. Herriarekiko maitasun hori alimentatzen jarraitu behar dugu». 

 

EGITARAUA
GAUR, Feria eta umeen eguna
11:00, Festei hasiera emango dien itxaferua botako dute Udaletxeko balkoitik.
Ondoren, Umeen arteko pilota  partiduak.
12:00, Feria eta urteroko tortilla lehiaketa.
16:30, Umeentzako jolasak.
17:30, Txokolatada.
18:00, ARNO ganadutegiko aziendak.
21:00, Norberak ekarritakoarekin herri afaria, musikaz girotua.

BIHAR, Arkume jatearen eta 
jubilatuen eguna
Goizean, Arkumea erretzen jarriko da plazan.
11:30, Jubilatuen hamaiketakoa.
14:00, V. Arkume jate herrikoia.
Bazkal ondoren, Kikilisalda fanfarreak jarriko du giroa.

ETZI, Santio eguna
12:00, Arano eta Goizueta arteko ohiko pilota partidua: Aranotik, Huizi eta Lizeaga; eta Goizuetatik, Salaberria eta Apezetxea.
17:30, Aizkora apustua: Aizarnako Luis Txapartegi eta Ezkurrako Moises Gogortza; eta Aurtizko Ander Erasun eta Aranoko Xauxar baserriko Joseba Izeta.
19:00, Bertso saioa: Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Alaia Martin.

MEZAK
Bihar, igandea, 11:00etan.
Etzi, astelehena, 11:00etan.
*Arkume jate herrikoirako txartelak aurrez erosi behar ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!