SANTIO jaiak direla eta, hainbat aldaketa izango dira trafikoan.
Donostia ibilbidea eta Tomas Alba kaleak itxita, egunero
Festek iraun bitartean, bi kale itxita egongo direla jakinarazi du Udalak. Barrakak atzotik daude zabalik Donostia ibilbidean, eta beraz, kalea itxita egongo da uztailaren 28ra bitartean; zehazki, itxita egongo da Pelotari kaleko errotondatik, Kale Nagusiko errotondaraino.
Tomas Alba kalea berriz, egun bat beranduago itxiko dute: uztailaren 21etik 28ra; kasu honetan, bertan jarriko dutelako Gazte Asanbladaren Txosna. Gogoratu dute, 13garren zenbakiaren parean ez dela kotxerik izango, eta garajerako sarbidea Galtzaur kaletik egin beharko dela.
Santio egunean, Arrobitxulo kalea itxita
Santio egunean Haurrentzako IX Txirrindularitza proba jokatuko da Arrobitxulon, goizeko 10:00etan hasita. Udalak jakinarazi duenez, 09:30etatik proba bukatu arte kalea itxita egongo da zirkulazioari.
Kale nagusia moztuta, Santa Ana gauean
Bestetik, Santa Ana gauean Kale Nagusia itxita egongo dela ere azaldu du Udalak. Kalejira piroteknikoa izango da 23:00etan eta ikuskizunak iraun bitartean egongo da itxita.
Bestelako aldaketak
Trafikoan eragina izango duten beste hainbat aldaketa ere zehaztu ditu Udalak. Gogoratu du, herriko sarbide nagusia Iparralde bidekoa izango dela. Era berean, Pelotari kalea itxita egongo dela: garajeetarako sarrera gisa eta zamalanetarako soilik erabili ahal izango da. Txokotxo eta Errekatxo plaza eta Errekatxo eta Tomas Alba kaleetako bizilagunek berriz, Errekatxo edo Galtzaur kaletik sartzea izango dute; irten ordea, Donostia kaletik egin beharko dute.
Bestalde, gogoratu dute Santioek iraun bitartean norabide bakarra izango dela Kale Nagusiko 64 zenbakitik (Galtzaur) Pelotariko bidegurutzeraino. Bestea aparkaleku gisa erabili ahal izango da, uztailaren 27ko goizeko 08:00ak arte.
Autobusa, industrialdetik
Azkenik, festetan gogoratu dute autobusa ez dela herri barrura sartzen. Industrialdetik ibiliko da, eta geltokiak Portutxoko sarreran eta Urumea kalean jarriko dituztela gogoratu dute.