Goizetik gauera, giro ederrean ospatu zuten Karmen Eguna Kaxkoko bizilagunek eta animatu ziren herritarrek. Larunbatarekin tokatu zen aurten, eta eguraldiak ere lagundu zuen. Kaxko Elkarteak antolatzen du urteroko Karmen Eguna, eta behin festa pasata, balorazioaren berri eman diote Kronikari.
«Herritar askok hartu dute parte ekitaldi ezberdinetan»
Kaxko Elkarteak bidalitako oharrean, eguneko errepasu bat egiten dute: «hildakoen aldeko mezarekin hasi genuen Karmen eguna. Plaza Berri banderolek apaintzen zuten goizean goizetik, eta egun haundia aurretik zela iragarri zuen Dianak. Goizean pelota partiduak jokatu ziren, eta txupinazoa eguerdiko 12:00etan izan zen. Maria Pilar Olloquiegui Otaegik hartu zuen alkate makila. Herritar ugari gerturatu zen ekitaldira, oso emozionantea izan zen. Plaza Berriko bazkarian 122 lagun elkartu ginen. Arratsaldean karta, toka, igel eta bote txapelketa jokatu ziren. Eta baita Skate Karmen txapelketa ere: 10 lagunek hartu zuten parte. Umeentzako jolasik ez zen faltatu. Iluntzean egin zen txapelketetako sari banaketa eta baita jendetza biltzen duen sardin jatea ere. Eta kontzertuak zertxobait atzeratu ziren. Azkeneko taldeak ezin izan zuen prestatua zuen errepertorio guztia jo, gauerdia pasata, Udaltzaingoak gogoratu baitzigun orduz kanpo ari zirela».
Eguneko errepasua egin eta gero, balorazioa ere egin du Kaxko elkarteak prentsa oharrean: «egun zoragarria izan zen, eta eguraldia ere lagun izan genuen. Herritar ugari gerturatu ziren: umeak, gurasoak, adinekoak...».
«Eskerrik asko lagundu eta parte hartu duten guztiei»
Bukatzeko, Kaxko elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie egun hori posible egin zuten guztiei: «eskerrik asko Karmen jaietan parte hartu duten guztiei. Askok lagundu dute festa antolatzen, bai auzotar edo herritarrek, eta baita komertzio, taberna, DYA, Molotoff Irratia, Kutxabank eta Hernaniko Udalak ere. Denei esker egiten dira jaiak. Datorren urtera arte».