Txapelak ihes egin bazion ere, Garikoitz Arizmendi pelotari hernaniarra pozik da Añorgako Jolas Etxea torneoan lortutako azpitxapeldun postuarekin. Arizmendik, Ekaitz Insausti klubeko kidearekin batera jokatu zuen txapelketa, kadete mailan. Aurreneko partiduan, erraz nagusitu ziren Orue eta Martinezen kontra. Bigarren partiduan ordea, ezin izan zuten Yuste eta Merinoren kontra, eta txapelketatik kanpo geratu ziren.
Arizmendiren joko bikaina agerian geratu zen ordea bi partiduetan, eta antolatzaileek repeskatu egin zuten, Añorgako Izetarekin jokatzeko. Biek elkarrekin egin zuten finalerako bidea: final zortzirenetan Senar eta Ganboaren kontra nagusitu ziren; final laurdenetan Olaetxea eta Petriatiri irabazi zioten; eta finalerako pasea Zabala eta Zubeldiaren kontra lortu zuten. Finala ordea, Euskal Herriko bikote onenaren kontra jokatu zuten: Goizuetako Umore Ona klubeko Aizkorbe eta Apezetxaren kontra. Eta ezin izan zuten: 22-7 galdu zuten.
Asteburukoa izan da pelotari hernaniarrek denboraldi honetan jokatu duten hogeitazazpigarren finala.