Herri barruko autobusak uztaila eta abuztuan astez izango duen ordutegiaren berri eman du Udalak; eta baita ere, izango duen berrikuntzaren berri. Bost zerbitzu eskainiko ditu autobusak egunean, Elkano kaletik, Atsegindegiko paradatik aterata: 08:00, 09:00, 10:30, 12:00 eta 13:00etan.
Berritasuna da, aurtengo udan bi joan-etorri egingo dituela Portu auzora: «iaz, Porturako joaneko bidaia egiten hasi zen zenbait herritarrek eskatuta, eta aurtengo udan joan-etorria egiten hasi da». Bost zerbitzuetatik bik egingo dute joan-etorri hori: Elkanotik 10:30etan eta 12:00etan ateratzen diren zerbitzuek. Bost minututan iristen da autobusa Portura eta nahi duenak bertan hartu dezake herrigunera joateko.
Prezioari dagokionean, eskuz ordainduz gero, bidaia 1,20 eurokoa da. Mugi txartelarekin ordaintzen dutenen kasuan, bakoitzari dagozkion deskontuak aplikatuko zaizkio.