Gauez ez ezik, egunez ere txakurrak libre ibiltzeko toki bat izango da Hernanin, aurrerantzean. Karobieta auzoko parke bat egokitu du Udalak, Urbieta kalearen bukaeran ezkerretara, txakurrak 24 orduz libre ibili ahal izateko.
Orain arte, salbuespen gisa, herriko sei zonaldetan ibili zitezkeen libre, arratsaldeko 19:00etatik goizeko 08:30etara: Garcia Goldaraz, Atzieta, Aristizabal, Lizeaga, Iturmendi, Karobieta eta Urbieta. Izan ere, «legeak ezartzen du ezin dutela libre ibili kalean, ez bada espazio berezi batean, sei horiek bezala», azaldu du Luis Intxauspe alkateak.
Txakurren jabeen eskaera bati erantzunez
Gune berri honekin, txakurren jabeen eskaera bati erantzun nahi izan dio Udalak: «beraien aldarrikapenek txoke egiten dute, txakurrei beldurra dieten herritarren interesekin. Hala ere, jabeen aldetik eskaerak jaso ditugu, herrigunean toki bat nahi zutela eduki egunez, txakurrak libre ibiltzeko».
«Zorrotzago», aurrerantzean
Modu berean, alkateak azaldu du, honek dakarrela «jabeek bereziki zaintzea non eraman txakurrak aske. Eta Udalak ere, araudiaren jarraipen zorrotzagoa egingo du aurrerantzean», jakinarazi du.
Modu berean, gogorarazi du txakurren kakak jaso egin behar direla, baita gune berri horretan ere. Horretarako, edukiontzia jarri dute gunearen sarreran bertan, atearen ondoan. Seinale bat ere badago, zonaldea markatzen duena, eta hesiz inguratuta dago txakurrak libre ibiltzeko parkea bera.