Lokal berria dauka, atzotik, Hernaniko PSE-EEk. Elkano kaleko Casa del Pueblo utzi, eta Laiztiaga auzoko 8garren zenbakira mugitu dira. Inaugurazioan izan ziren PSE-EEko kide asko, Idoia Mendia lehendakarigaia tartean. Pablo Peñacobak, Hernaniko PSE-EEren idazkari nagusiak, aurkeztu zuen Casa del Pueblo berria: «hasteko, eskerrak eman nahi dizkiet, PSE-EEk Hernanin lokal berri bat izateko lan egin duten guztiei. 38 urte eman ditugu Elkano kalean. Poz haundi asko bizi ditugu bertan, garaipenak ospatu eta gaztetxo asko ere pasa dira bertatik. Baina asko sufritu dugu, baita ere. Pintadak, molotoff koktelak, gasolina botatzea gu barruan egonda... Ez zuten nahi sozialistok lokal bat edukitzea Hernanin, eta gutxiago zentroan. Baina ez dute lortu gu botatzea, eta nahi izan dugunean aldatu gara. Ez zen posible erreforma haundirik egitea bertan, eta erabaki genuen lokal berri honetara aldatzea gure egoitza».