Plazatik abiatu eta Santa Barbarara, mendi martxa egin zuten atzo, ehundik gora herritarrek, larriki gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko; bereziki, Ibon Fernandez Iradi eta Gari Arruarteren eskubideak.
Eguerdian elkartu ziren gotorlekuan, Lasarte-Oriatik joan zirenekin, eta trikitilari, dantzari eta bertsolari artean, manifestua ere irakurri zuten, osasungintzan lan egiten duten hainbat lasartearrek idatzia: «euskal presoekin kartzeletan osasun arloan ematen diren eskubide urraketez ohartarazi nahi dugu. Legediak ahalbidetzen du tratamendu egokia jaso ahal izateko, larriki gaixo dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea. Pertsona guztiek dute osasunerako eskubidea, eta gaixotasunen tratamendu eta zaintza ahalik eta era egokienean jasotzekoa. Horregatik eskatzen dugu euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzea, eta osasun arloan legeek diotena betetzea».