Pirinioetako bihotzean barrena

Kronika - Erredakzioa 2016ko uzt. 14a, 02:00

Hurrengo asteburuan, uztailaren 23tik 25era egingo dugun irteerak, mendi giroan murgilduko gaitu. Hiru egunetan Pirinioetako bihotza den Posets–Maladeta Parke Na­tu­­ra­laren barruko bidezidor po­litak, mendiko aterpeak eta paisai ederrak ezagutuko ditugu. Egun bakoitzeko etapak ez dira oso gogorrak, ez eta oso zailak eta beraz gozatzekoak dira. Hala ere, irteeraz disfrutatzeko egokia da mendian ibiltzen ohituta egotea, bestela hiru egunak luze egingo zaizkigu eta.
Lehenengo egunean Viados eta Estós aterpe ezagunak elkartzen dituen GR-11ren zatia egingo da. Ibilbideak Posets mendi ikusgarria bere oinarritik inguratzen du. Estós aterpera jaitsierari hasiera ematen dion lepora iristen garenean Estós bailara eder guztia eta zertxobait ezkerrago Perdi­gue­ro inguruan dauden hiru milako guztiak ikus daitezke. 
Indarrak berritu ostean, bigarren egunean Batisielles ain­tzirak ezagutzeko aukera egongo da. Aterpetik irten eta aintzirak dauden tokira igoko gara. Batzuen esanetan aintzira hauetatik ikusten den paisaia Pirinioetako politena da. Aintzirek eta, atzean, Perdi­guero gailurrek osatzen duten markoa ikusgarria, milaka argazkitan jaso da iada. Zer­txo­bait gorago igo eta Perramo orratzen oinarrira hurbilduko gara. Orratz hauek eskalatzen soilik igo daitezkeen gailur tenteak dira. Guk bere atzean dagoen lepoa aprobetxatuz bira emango diegu.
Azken egunean Hospital de Benasquetik Salvaguardia men­dia igoko da. Gailur honetatik Aneto aldera ikusten diren bistak ikusgarriak dira. Batek baino gehiagok ezagutuko du Aneto gailurraren argazki tipikoa, Anetotik hasi eta Ma­la­de­tako gailur guztiak erakusten dituena. Argazki hori Salva­guar­dia gailurretik hartutakoa iza­ten da. Eguraldiak lagun­tzen badigu, paisai ikusgarri horretaz gozatzeko aukera egongo da.

Ibilbidearen deskribapena
Plan herritik Viados aterpera dauden 12 kilometroak taxian egingo ditugu. Pista honek ez du inolako interesik eta gainera oinez egingo bagenu ezingo ge­nuke garaiz iritsi Estós aterpera.
Viadosen bazkaldu ondoren bideari ekingo diogu. Bidea mar­ka gorri-zuriz margoturik dago eta bailaran sartzen da. Hasi­eran, bi erreka elkartzen di­ren toki­ra iritsi arte, ez da desnibel han­dia egiten eta oso ero­so egiten da bidea. Errekak gurutzatu eta bailararen beste aldera pa­satzerakoan, gauza guztiz alda­tzen da. Hemendik lepora iritsi arte dena da gora eta gora. Lasai eta patxadaz hartuz ordu eta erdi inguruan goian gara. Le­po­tik aterpera jaistea soilik ge­ra­tzen da (beste ordu eta erdi inguru).
Bigarren egunean aterpetik irten, bailarara jaitsi eta erreka zeharkatu ondoren gora egiten hasi behar da. Ordu eta erdi inguruko igoera egin ondoren lehengo aintzirara iritsiko ga­ra. Indarrak berritu eta igoerari jarraituko diogu. Goiko aintzirak eta Perramo orratz ikusgarriak ezagutu ondoren, nahi duenak, orratzei buelta emateko aukera izango du. Nekatuta edo inguruko paisaiaz gozatu nahi duenak bertan aukera izango du, orratzari buelta emango diotenak berriro toki honetara bueltatuko dira eta.
Denok elkartzerakoan jai­tsierari ekingo diogu eta bailaratik behera eginez autobusak jasoko gaituen tokira hurbilduko gara. Bigarren egun honetan El Run herriko aterpean lo egingo da. Herri hau Benas­que­ra iritsi baino kilometro batzuk lehenago dago. Arratsaldean Benasquen erosketak egiteko aukera izango da. Herriko giroa ezin hobea izango da asteburu horretan Anetoko Ultratraila ospatzen baita.
Hirugarren egunean autobusez Hospital de Benasquera hurbilduko gara. Bertatik ibilbide zirkularra eginez Salva­guar­diara igoko gara. Baila­ra­tik emeki igotzen Besurtara hur­bilduko gara. Hemen aldapa gogortu egiten da, baina ez da gehiegi gogortzen zig-zag handiak eginez igotzen baita. Azkeneko metroak malkartsuagoak dira, baina goitik ikusiko den paisaia antzemanez, pozik egiten dira. Jaitsieraren lehengo zatia igoerarako erabili dugun berdina izango da, baina aintzirak dauden tokira iristerakoan ezkerrera egin eta beste bide batetik jaitsiko gara. Bide hau oso ikusgarria da harkaitzean zizelkatuta baitago. 

Datu interesgarriak:

  •  Denbora: 1go egunean 4-5 ordu; 2garren egunean 6-7; 3garren egunean 5-6.
  •  Desnibel metatua: 1go egunean 800 m; 2garren egunean 1.000 m; 3garrenean 900 m.
  •  Zailtasun berezirik gabekoa. Hiru egun direnez, mendian ibiltzen ohituta egon behar da, bestela irteera astuna egin daiteke. 
  • Gailurrik altuena: Salvaguardia (2.736 m).
  • Beharrezko materiala:mendiko material arrunta eta lo-zaku fin edota maindire bat aterpeetan lo egiteko. 
  •  Nola iritsi: A-15 autobiatik Iruñera joan eta bertan hartzen den A-21 autobiatik Liedenara hurbildu. Autobia amaitzerakoan N-240 errepidea hartu eta, Jakatik igaro ondoren, Sabiñanigora joan eta bertan Ainsara eramango gaituen N-260 errepidea hartu. Ainsan Bielsa aldera egin behar (A-138) eta herri horretara iritsi baino kilometro batzuk lehenago dagoen bidegurutzean, eskuinera egin (A-2609) eta Plan herrira hurbildu behar da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!