Lanean ari da berriro Eusko Jaurlaritza, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) azpiegiturak eraikitzeko, Hernanin. UTE Urumea enpresa ari da lan horiek egiten herrian, eta jakinarazi dute, zein egunetan aurreikusten duten lanak egitea, zonalde bakoitzean. Eta modu berean, Udalari aurreratu diote, zenbait bide eta errepide itxiko dituztela, obrak aurrera eramateko.
Olaizola eta Uban bideetan, gaur bertan
Gaur bertan ekingo diete lanei, Olaizola eta Uban bideetan, Leor errekaren ondoan.
Akarregi poligonoko auzo bidea itxita egongo da, gaurtik bihar arratsaldera.
Bihar, berriz, Akarregi poligonoko auzo bidean ariko dira lanean. Horren ondorioz, gaur bertan itxiko dute trafikoa, eta bihar arratsaldean ireki.
Datorren asteazkenean, arraun elkartearen parean
Hurrengo lanak, datorren asteazkenean egingo dituzte, Ibarluze poligonoan, Hernaniko Arraun Elkartearen egoitzaren inguruan, hain zuzen ere.
Edozein kasutan, UTE Urumeak jakinarazi du, aurreikuspenak aldatu daitezkeela, euriaren eraginez.
Tilosetako lurra berrituko dute, gaur eta bihar
Plaza bera, eta Izpizua eta Elkano kaleen aldeko pasealeku zatiak asfaltatuko dira.
Tilosetako pasealekuaren lurra berrituko du Hernaniko Udalak, eta gaur eta bihar egingo ditu lanak horretarako: «Ezkiaga pasealekuko zoladura berrituko da gaur eta bihar», azaldu dute.
Zehazki, Tilosetako plazako lurra asfaltatuko du Udalak, eta baita Izpizua eta Elkano kaleen aldean dauden pasealekuko zatiak ere.
Udalak jakinarazi du, lanen ondorioz etengabea izango dela makinen joan-etorria. Hori dela eta, inguruko tabernei eskatuko diete, terrazak ez jartzeko bi egun hauetan, obrak martxan diren bitartean, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.