Uztailean ere ikastaroa izango da, Elkarbizi taldeak antolatuta. Elkarbizitza, indarkeria eta legitimitatea da ikastaroaren izenburua, eta honek dioen moduan, hiru kontzeptu horiek aztertu eta landuko dituzte. Zazpigarren ikastaro hau goizeko 11:00etatik aurrera izango da, larunbatean, Lasarteko Villa Mirentxu etxeko areto nagusian.
Ikastaroa emango dute Imanol Lizarraldek, Historian doktoreak, eta Joxan Rekondok, Elkarbizi taldeko kideak. Jardunaldian garatuko den gaia berriz, honakoa izango da: «Bizikidetza demokratikoa nagusi den egoera batean, zein subjekturi dagokio gizartea eta gizartekideak babesteko legitimitatea?».
«Elkarbizitza ez da araurik gabeko egoera bat»
Elkarbizi taldearen arabera, elkarbizitza ez da araurik gabeko egoera bat: «elkarrekin egin nahi dugun bizitza eratzeaz gain, beharrezkoa da gizartekidearen bizia, askatasuna eta ondasunak babesteko arauak finkatu eta betearaziko direla segurtatzea».
Elkarbizik dio, baita ere, helburu hori gauzatzeko, herriak bereak ezarri dituen erakundeekin auzo-lankidetza esparruak irekitzea espero daitekeela, normaldu egin den elkarbizitzaren inguruan: «marko horretatik kanpo, ez dago legitimotasun demokratikorik. Horregatik, gauza inportantea da elkarrekin libre eta seguru bizitzeko egin behar diren desarmeak (materialak eta diskurtsoaren alorrekoak) zein diren aztertzea».
Izen ematea, zabalik
Elkarbizik gogoratu du ikastaroaren izaeragatik, parte hartzeko plazak mugatuak direla. Izena emateko epea ostegunera arte dago zabalik hemen: gaboiturri@gmail.com.