Iazko urtarrilean abiatu zen Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik, eta aurreneko urtearen balorazioa egin du Udalak. Guztira, 22 egunetan eskaini dute aurrez aurreko zerbitzua, eta telefonoz eta emailez ere artatu dituzte herritarrak. Bide horietatik, 26 lagunek jaso dute zerbitzua; erdia baino gehiago 40-65 urte bitartekoak, eta %56a gizonezkoak.
Horrela, beraz, 48 aholkularitza saio eskaini ditu Plax! zerbitzuak, eta azaldu dutenez, «zerbitzuaren balorazio positiboa» egin dute erabiltzaileek, eta «espero ez zuten emaitza baliagarriak izan dituzte», baita zerbitzua behin baino gehiagotan erabili ere.
Helburua, «arreta osoa, profesionala eta doakoa eskaintzea herritarrei»
Zerbitzu honekin, Udalaren helburua da «herritarrei arreta osoa, profesionala eta doakoa eskaintzea, sexualitatea zein bikote harremanen inguruan». Saioetan landu diren gai nagusiak, honakoak izan dira: bikote harreman gatazkatsuak, komunikazio zailtasunak, bikote paraleloak, tratu txarrak, desira falta, isurketa kontrolean zailtasunak, sarketan zailtasunak, sexu orientazioaren inguruko zalantzak, eta seme-alaben sexu hezkuntza.
2016an ere jarraitzen du ‘Plax!’ zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen eraikinean. Telefonoz eskatu daiteke zita: 656 544 606.
Modu berean, Plax! zerbitzuarekin, Harremonak egitasmoa osatzea ere bilatu du Udalak. Sei urteko ibilbidea dauka Harremonakek, ikastetxeetan eta herriko zenbait taldetan parekidetasuna, sexu aniztasuna eta tratu onak landuz. Horietan ikusi ziren beharrak, modu pertsonalizatuan lantzeko aukera eskaini nahi izan dute Plax!ekin.
Osakidetzarekin elkarlana, garrantzitsua
Udalak jakinarazi du, bestalde, garrantzitsua izan dela Osakidetzarekin izandako elkarlana, zerbitzua ezagutzera eman eta herritarrengana iristeko: «Osakidetzako profesionalekin landu da gaia, zerbitzua aurkeztu eta elkarlanerako bideak adostu. Eta handik bideratutako pertsonak artatu dituzte Plax! zerbitzuan».
Zerbitzua martxan, aurten ere
2016an ere jarraitzen du Plax! zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen eraikinean (Sandiusterri, 1). Zerbitzua jasotzeko interesa dutenek, telefonoz eskatu dezakete hitzordua: 656 544 606.
Irailaren 10ean (10:00-13:00) eta 22an (15:30-18:30) izango dira hurrengo saioak. Udalaren web orrian aurkitu dezakete informazio guztia, herritarrek: www.hernani.eus.
Aurreko urtean, 12.246 euro bideratu zituen Udalak zerbitzua bermatzeko, eta aurten, 10.460 euroko partida bat dago aurreikusita.