Txapelketa polita egin dute Hernaniko taldeek, Donosti Cup nazioarteko torneoan. Zortzi talderekin izan dira txuri-berdeak, eta horietatik lauk, lortu zuten ligaxkako fasea gainditzea, multzoko bi onenen artean sailkatuta. Beste hiru taldek, berriz, kontsolazioa jokatzeko aukera izan zuten.
Denetan urrutien, mutilen 14 urtez azpiko taldea iritsi zen. Ligaxkan aurrena sailkatu zen, Antigua Luberriri eta Complutenseri irabazita, eta Soca estatubatuarraren kontra galduta. Eta kanporaketetan, Mundarro, AEM eta Mariño menperatu zituen, semifinaletara iristeko. Hor gehiago izan zen Antiguoko (1-4), eta finaleko ateetan geratu ziren hernaniarrak.
Mutiletan, ligaxka gainditu zuten CD Hernaniko 18 eta 16 urtez azpiko taldeek ere, baina final zortzirenetan galdu zuten; eta baita Hernani BHIko 18 urtez azpikoak, gero final hamaseirenetan galdu arren.
14 urtez azpiko neskak, kontsolazioko semifinalean
Ligaxkako hirugarren izan zen 14 urtez azpiko nesken talde bat, eta kontsolazioa jokatzearekin konformatu behar izan zuen. Baita urruti iritsi ere! Rush USA eta Oiartzun menperatu ondoren, semifinalean galdu zuen Amaikak Baten kontra (1-2).
14 urtekoen beste taldeak, eta 16 urtez azpikoenak, berriz, final zortzirenetan eta final hamaseirenetan esan zioten agur, kontsolaziokoari. Azken honek, hala ere, ligaxka polita egin zuen, bostetik hirugarren sailkatuta, PSG eta Kentucky taldeen atzetik.