Lan bikaina eta maila haundiko estropada egin zuen atzo, Orion, Hernaniko Maialen traineruak. Saria, ordea, merezi baino exkaxagoa izan zen. Seigarren sailkatu ziren hernaniarrak, Arraun Lagunak eta Hondarribia menperatuta, eta Getaria-Zarautzekin sei ehuneneko bakarrik galduta. Eta tarte txiki horrengatik, ia aukera guztiak galdu ditu Maialenek, Euskotren Ligarako pasea lortzeko; hasiera batean oso zaila zirudien erronkarako, hain justu. Gaur izango da bigarren sailkatze estropada, eta seguruenik, Getaria-Zarautzek eta Cabok (laugarren atzo, Maialeni 15 segundu aterata) lehiatuko dute Ligako laugarren eta azken txartela.
Hernaniarrek, ordea, ia ezinezkoa izango dute, Caborekin daukaten bi puntuko desabantaila horri buelta ematea.
Donostian izango da gaurkoa, eguerdiko 12:00etan.