Bi urtetan, makina bat arazo eta bi ebakuntza izan ditu Oier Apezetxeak, baina onenen artean da berriro. Eta horren adibide garbiena, Irunen irabazi berri duen txapelketa, Kurpil Kirolak torneoa. Josu Uzkudunekin azpeitiarrarekin nagusitu zen CD Hernaniko goizuetarra, finalean Barberejo eta Irurita menderatuta (22-19). Aurretik, Mitxelena eta Mendyri irabazi zieten semifinaletan (22-14), eta Odriozola eta Aranbururi final laurdenetan (22-10).
Gainera, txapelketako pelotari onenaren saria ere jaso zuen goizuetarrak: barku baten maketa. Txapela honekin, hamabi dituzte aurten, CD Hernaniko pelotariek.