Ia zuzenean etorriko zara Estatu Batuetatik Martindegira.
Bai, Washingtonen ibili naiz, jaialdi batean. Smithsonian erakundeak antolatzen duen folk jaialdia da, eta aurtengo kultura gonbidatua euskal kultura izan da. Hori zabaltzera joan ginen bertara.
Eta zer moduzkoa izan da esperientzia?
Esperientzia polita izan da, desberdina. Egia esan, datorren urteotan Txinara joan behar bada ere, gu prest!
Martindegin ariko zara igandean. Nolako lehia espero duzu?
Ba egia esan, ez dakit. Behin ere ez naiz izan Martindegin, eta ez daukat bertakoen lanen berri.
Bikote baten kontra ariko zara, Jon Larrañaga 'Larra' eta Mikel Larrañagaren kontra. Gogorra izango da, ezta? Zertan nabaritzen da gehien?
Oraintxe enteratu naiz biren kontra aritu beharko dudala. Egoera onean egonda zaila izaten bada, Estatu Batuetatik zuzenean joanda, benetan gogorra izango da. Bi beti bi dira, eta batez ere, iraupenean nabaritzen da diferentziarik gehien.
Zer daukate desberdina festetako lehia hauek, txapelketekin konparatuta?
Festetako lehiak jendea erakartzeko egin behar dira. Jende horrek gozatu dezala, guk egiten dugun lana ikusiz. Txapelketetan ez da publikoarengan pentsatzen. Daukazun guztia eman behar izaten duzu.
Nolako giroa izaten da festetan, aizkoran aritzeko?
Tokian tokiko giroa sortzen da. Ez da berdina hiri haundi batean edo auzo txiki batean aritzea. Nik nahiago izaten ditut herri eta auzo txikiak. Hurbilagoak dira, eta gehiago gozatzen da normalean.
Saioaz aparte, gustatzen zaizu festetaz gozatzea, joaten zarenean?
Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit. Festarako tarte gutxi izaten dut nik, baina noiz edo behin gustatzen zait lagunekin afaritxo eta parrandaren bat egitea.
Dena irabazi duzu aizkoran: Euskal Herrikoa bitan, eta Urrezko Aizkora aurten. Zein dira hurrengo erronkak? Zein dira zure motibazioak orain?
Txapelketak beti dira motibagarriak. Aurten, apustu bat neukan hitzartuta Olasagastirekin, baina tamalez istripua izan zuen, eta bertan behera geratu da. Ea laster egiteko aukera daukagun.
Urrezko Aizkora zen falta zenuena, eta orain hilabete lortu duzu. Ederra izango zen, ezta?
Bai. Egia esan, bost final neramazkien segidan bigarren postua lortuz. Arantzatxoa atera dut!
Txapeldun izatera iristeko, hasi egin behar da aurrena. Zergatik zara aizkolari? Nolatan hasi zinen eta zerk motibatzen zaitu jarraitzeko?
Aizkolaritzarako zaletasuna aitarengandik hartu nuen. Bera aizkolaria zen eta zer ikusi hura ikasi. Motibazioak, berriz, aldatzen joan behar dira helburuak aldatzen doazen heinean.