San Fermin torneoan izango da Endika Barrenetxea hernaniarra, eta Zeberio IIrekin ariko da, Iruñako festetako txapelketan. Guztira, lau bikotek jokatuko dute, eta hiru partidu izango dira: bi semifinal, eta finala.
Horrela, bihar bertan hasiko dute txapelketa, Barrenetxeak eta Zeberiok, Matxin III eta Ionen kontra. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia Uharteko Euskal Jai Berri frontoian, hiru partidukoa.
Beste semifinala, berriz, ostegunean jokatuko dute, ordu berean hasita, Urrizak eta Etxeberria IIIk, Uterga eta Endikaren kontra.
Finala, larunbatean
Bi bikote irabazleak, zuzenean pasako dira torneoko finalera. Larunbatean bertan jokatuko da, arratsaldeko 16:30etan, Uharten hori ere. Txapela izango du helburu Barrenetxeak; aurreko urtean lortutakoa errepikatzea, hain justu.
Gainera, beste partidu bat ere jokatuko du hernaniarrak, San Ferminetan. Frontoi motzeko erremonte desafioan ariko da uztailaren 13an, asteazkenez: Urrizarekin batera, Uterga eta Endikaren kontra jokatuko du. Labriten izango da, arratsaldeko 16:30etan.