Gipuzkoako Ligaren zazpigarren postutik egingo dio aurre Hernaniko Maialen traineruak, datorkion aste gogorrari. Hiru estropada izango ditu: bihar Zumaian, Gipuzkoako Txapelketa; eta Orion eta Donostian asteburuan, Euskotren Ligarako sailkatze estropadak.
Arratsaldeko 18:30etan izango da biharkoa, Gipuzkoako Txapelketa, Zumaiako uretan.
Euskotren Liga, jokoan
Asteburuan, berriz, traineruen liga nagusian egoteko lehia izango du Maialenek. Euskotren Ligarako pasea egongo da jokoan, larunbatean Orion, 18:00etan; eta igandean Donostian, 12:00etan.
Bi estropadak izango dira, gainera, Gipuzkoako Ligarako puntuagarriak; bosgarrena eta seigarrena, hain justu.
Laugarrena, Bilbon izan zuten larunbatean, eta zazpigarren sailkatu ziren hernaniarrak, bigarren luze oso ona eginda, eta Getaria eta Deusto segundu bakar batzuk aurrerago zituztela.
Aitor Iraolak bandera, Donostiarrarekin
Ospatzekorik ere izan du Hernaniko Arraun Elkarteak, asteburuan. Izan ere, bandera irabazi zuen Aitor Iraola hernaniarrak, Donostiarra traineruarekin, gizonezkoen KAE-1 Ligan. Igande arratsaldean nagusitu ziren Santurtzin.
Gainera, hori izan zuen aurreneko estropada Iraolak, Donostiarraren aurreneko traineruarekin. Hernaniarra zoriondu nahi izan du, Hernaniko Arraun Elkarteak.