Hernanin dira dagoeneko, udara gure artean pasako duten haur sahararrak. Lau izango dira aurten ere, bi neska eta bi mutil. Horietako hiru, aurreko urtean ere izan ziren bertan: Salka Ali Ramdan, Leila Abdi Embarek eta Usama Selma Mohamed Lamin. Aurrenekoz etorri dena, Mohamed Moulud Mohamed Uadadi da, familia berri bat animatu baita, haurra etxean hartzera.
Ongietorria, udaletxean
Ostiral honetan egingo diete harrera lau haurrei, eguerdiko 12:00etan, udaletxean. Eta hortik aurrera, denetik izango dute, udaraz gozatzeko. Udalekuetan ibiliko dira, eta hainbat irteera egingo dituzte, Maialen Torres begiralearekin: Martindegiko jaietara, Igeldora, aquariumera...