Musika eta antzerkia sarri uztartzen dituen artista da Ainara Ortega Barrenetxea hernaniarra, eta udara honetan ere, halaxe ari da. Ekainaren 21ean hasi zen parte hartzen Uda gau bateko ametsa - El sueño de una noche de verano antzezlanean, Kristina Enea parkean. Bertan lanean ari dira, baita ere, Mikel Laskurain eta Aitor Beltran aktore ‘hernaniartuak’ ere. Eta baita 250 bat lagunek osatutako publikoa ere. Izan ere, antzezlana ikusteko sarrera erosten dutenek, eztei aurreko banketean hartuko dute parte, eta afaldu egingo dute.
Bestalde, bere lan propioa, Scatt diskoa zabaltzen ere ari da Ortega. Getxoko jazzaldian izan berri da, Donostiako jazzaldian ere kantatuko du, eta Villabonan, Zumaian...
Azken aldian telebistan ikusi izan zaitugu, baina antzerkia ez duzu sekula utzi. Zein nahiago duzu?
Hori da, aita edo ama nahiago ote duzun galdetzea bezala! Bizia ematen dizuna ama da, eta lotura haundiena, salbuespenak salbuespen, amarekin sentitzen dugu. Ni musikaria naiz, aktore baino lehenago, eta neretzako, eszenatokia da oinarri. Ogia egiteko legamia bezalakoa da eszenatokia, eta hori da, antzerkia; bat-batekotasuna, publikoa sentitzearen zirrara, izerdi beroa eta hotza sentitzea, urduritasuna... Telebistaren kasuan, berriz, magikoa da zenbat jenderengana iristen den, eta erosoa da interpretazioaren aldetik. Baina nik, publikoa aurrez aurre nahiago izaten dut.
«Batzuetan ez ditugu egiak esaten artistok. Ematen du beti proiektu zoragarrietan murgilduta ibiltzen garela...»
Orain lan egiten duzun antzezlan honetan, ordea, ez ote daukazu gertuegi publikoa? Zer sentitzen da?
Arriskua eta gozamena. Publikoa ia 180 gradutan daukagu. Gure artean komentatu dugu hau dela ia, zinemagintzan plano sekuentzia deitzen dena bezalakoa: hasi eta bukatu arte, etenik gabe grabatzea. Uste dut Josean Bengoetxeak aipatu zuela hau Kilometroak haundi bat bezalakoa dela, kanpaz kanpa, denok elkarrekin goazela. Sentsazioa da publikoak etxean bezala ikusten duela antzezlana, dena segidan, barruan egongo balitz bezala.
Kristina Enea bezalako leku publiko eta haundi batean antzeztu duzu inoiz?
Ez. Gutako askorentzako aurreneko esperientzia da, eta izenburuak dioen bezala, amets bat da. Kalean egon izan gara, gerizpe batean edo. Baina horrelako baso batean sekula ez. Antzezlan guztietan eszenografia egoten da, eta kasu honetan, natura bera izanik, kontra bezala egin da. Haundiegia, ederregia da natura, bere mailan jartzeko, eta beraz, bertan integratu beharrean, kontra jokatu nahi izan dute, beste elementu batzuk sartuz. Fantasia haundiegia da batzuetan, natura. Horregatik, proposamena izan da haustea: bi arbolen artean ohea zintzilik jartzea, edo ate batzuk, edo ispilu erraldoia...
Zein paper betetzen duzu Uda gau bateko ametsean?
Hiru maitagarrietako edo lamietako bat naiz. Titania etxekoandrearen zerbitzaria. Bertsio originalean ere agertzen dira. Txintik ere ez dut esaten obra osoan zehar! Abestu, biolina jo... egiten dut. Oso kontentu nago! Uda garai hauetarako oso eroso sentitzen naiz, ez baitut asko ikasi behar izan. Gainontzeko aktoreek testu asko daukate...
Musika aipatu duzula, arlo horretan badaukazu nahikoa lan datozen egunetan, ezta?
Nahi baino gutxiago! Dena kolpetik etortzen da, eta gero, abuztutik aurrera zer egingo dudan ez dakit. Batzuetan ez ditugu egiak esaten, artistok. Ematen du beti proiektu zoragarrietan murgilduta ibiltzen garela... Egia da Getxoko jazzaldian izan garela, Scatt lanarekin. Gero, hilaren 17an Laboa eta jazza uztartzen dituen emanaldia izango dugu, Zornotzan; Bilboko Campos Eliseos Antzokian egin genuena. Uztailaren 21ean, Donostiako Jazzaldian izango gara; 22an, Villabonan, Scattekin, baita ere. Eta abuztuaren 13an, Zumaian. Baina, gero, basamortua dator.
«Bat-batekotasuna, publikoa sentitzearen zirrara, izerdi beroa eta hotza sentitzea, urduritasuna... nahiago ditut»
Basamortua musikan, baina telebistara bueltatzeko tartea izango duzu orduan?
Jakin dugu Eskamak Kentzen telesaila ez dela gehiago grabatuko. Gure diru publikoa nora dijoa? Kultura dirua da, bai, eta defizitarioa da, bai. Ez da Donostiako pintxoak bezala. Baina kulturaren aberastasuna beste gauza batzuetan dago. Audientzia ikaragarri ona izan omen du telesailak. Orduan, zer? Nora dijoa telebista publikoa? Eta batez ere, Euskal Telebista? Oso formatu txikiko saioetara jotzen ari dira. Aktore pare bat edo aurkezle bat, erredakzioan mordoxka bat, eta gero, kaleko jende boluntarioa. Hori ere ondo dago, baina dena, horrela? Eta berriz ere, kulturaz bizi nahi dugunok, etxean, telebistari begira. Berriro berrikusi nahi omen dute guztia. Beste batzuek, ordea, esaten dute dena politizatua dagoela. Batzuetan, amore emateko gogoa izaten dugu, toalla botatzekoa, eta gero, berriro hartzen dugu toalla lurretik!
Musikara itzulita, pixkanaka bada ere, Scatt lanarekin mugitzen ari zara. Ilusio berezia egiten dizu, lan propioa dela kontuan hartuta, jazz jaialdi esanguratsuetan parte hartzea?
Oso modu berezian bizi dut, deitzen didaten aldiro. Nere erreibindikazio txikia izan zen diskoari Scatt izena jartzea; nik etiketak nahi ditut, eta adierazi nahi dut hau jazza dela. Etiketa nere buruari, eta etiketa diskoari, honek ere bere bidea egin dezan. Diskoarekin, helburua da jazza izenburu duten jaialdietan parte hartzea, eta deitzen didaten aldiro, ospakizuna da.
UDA GAU BATEKO AMETSA
EUSKERAZ
- Uztailaren 7an
- Uztailaren 8an
- Uztailaren 15ean
- Uztailaren 16an
- Uztailaren 23an
- Uztailaren 24an
GAZTELANIAZ
- Gaur
- Uztailaren 9an
- Uztailaren 10ean
- Uztailaren 12an
- Uztailaren 13an
- Uztailaren 14an
- Uztailaren 17an
- Uztailaren 19an
- Uztailaren 20an
- Uztailaren 21ean
- Uztailaren 22an
SARRERAK: ticket.kutxabank.eus
ORDUTEGIA: 21:00
ESZENATOKIA: Kristina Enea parkea.
PREZIOA: Aurrez, 30 euro. Afaria barne.
*elikagaien inguruko argibideak: udagaubatekoametsa@dss2016.eu
JAZZALDIA - SCAT
- Uztailaren 21ean, 12:30etan San Telmo Museoan. Sarrerak, 5 eurotan, sarrerak.donostiakultura.com webgunean.